«Pentsaera ezberdinetako jendea elkarlanean aritzea dut xede»
Azpeitian jaio zen, 1962an. Ingeniaritza Fakultateko katedraduna da, baita Industria Teknologien Saileko eta Etika Aplikatuko Zentroko zuzendaria ere. Jesusen Konpainiako kidea eta apaiza da. 2013tik da Deustuko Unibertsitateko errektorea.
Jose Maria Guibert Ucinek Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean hartu gaitu, paperez betetako mahai baten bueltan. Gero Zuzendaritza Kontseiluko kideak etorriko dira bilera egiteko eta goizean goiz jarri digu hitzordua, patxadaz solastatu ahal izateko. Leihoaren bestaldetik ez da ikasleen ahotsik aditzen. Obretan ari dira. Instalazio berriak eraikiko dituzte: liburutegi handiagoa, kirol gunea eta gela berriak.
Zeintzuk dira Deustuko Unibertsitatearen funtzioak jendartean?
Duela 133 urte hasi genuen bidea Bilbon; Donostian orain dela 60 urte. Beti izan dugu gizartearen eskaerei erantzuteko funtzioa; profesional hobeak edukitzeko, bai alde intelektualetik eta bai baloreen aldetik. Unibertsitateak hiru funtzio ditu: hezkuntza; ikerketa, hau berriagoa; eta 40-30 urteotan gizartearekin, ekonomiarekin eta inguruarekin harremana izatea eta lan egitea.
Euskal Herriko lehenbiziko unibertsitatea zarete. 1886tik nola joan dira egokitzen aipatu dituzun funtzio horiek?
Batez ere Giza Zientziak eta Zuzenbidea eskaintzen hasi ginen, ingeniaritzekin batera. Handik 30 urtera Enpresa formazioari ekin genion. Gero etorri ziren Informatika, Hezkuntza, Teologia… Donostian 1956an hasi ginen eta azken bederatzi urteotan Madrilen ere bagaude. 40 gradu eta gradu bikoitz ditugu, 46 master ofizial, 37 titulu propio eta 8 doktoretza programa. Etengabeko prestakuntza lantzen hasi gara, garrantzi handia izango duelako. Enpresa eta entitateetarako lanak ere bai, eta ikerketa, batez ere diziplina artekoa.
Zein berrikuntza dituzue heldu den ikasturterako?
Gradu bikoitz bat, Industria Antolakuntzako Ingeniaritza eta Informatika Ingeniaritza. Komunikazio gradua eta Ikus-entzunezko eta Multimedia Komunikaziorako Teknologiak; eta Gasteizen, Egibiderekin elkarlanean, Industria Digitaleko lehen gradu duala. Lanbide Heziketarekin zubiak eraikiko ditugu. Masterren artean, Automozio Jasangarriko Ingeniaritzaren Erasmus Mundus dugu, Automozio Diseinu eta Fabrikazioko master duala, Master of Laws eta Biblia Ikasketak. Aurreneko aldia da Espainian master ofizial bat dagoela Teologia arloan.
Zeintzuk dira Deustuko Unibertsitatearen berezitasunak?
Beti dugu humanizazio edo etikaren ideia bat. Balioak eta goi mailako formazioa lotzen ditugu, gizarte eskaerak jarraituz.
Eredu horrek zein erronka eta gabezia ditu?
Gure erronkak gizartearen erronkak dira: globala-lokala dialektika, aniztasuna, balioen eztabaida, digitalizazioa, eta eskakizun berrietara etengabe egokitzea. Gabeziei dagokienez, finantziazioa aipatuko nuke. Laguntza izaera juridikoari lotzen zaio, baina, gure ustez, funtzio sozialaren arabera eman behar da, ez pribatu edo publiko izaeraren arabera. Euskadin badago Parlamentuan egindako lege bat, plan bat ateratzen da hortik, eta hor era bat dago proiektu batzuei laguntzeko.
Nola zaudete ekonomikoki?
Urte batzuk nahiko txarrak izan genituen, baina orain hobeto gaude. Ikasle gehiago ditugu. 2013-2014an 5.727 ikasle genituen gradu ofizialetan eta 2017-2018 honetan 8.000tik gora izan ditugu. Graduondoko, doktoregoko eta beste prestakuntza programetakoak batuta, 12.112 ikasle ditugu.
2008ko krisia gainditu duzue?
Gainditu dugu, bai. Baina etorkizunean aldaketa asko dator. Adibidez, etengabeko formazioan mila ikasle ditugu. Kurtso laburrak dira, helduentzat. Asko daude, gero eta gehiago. Errektoreorde bat jarri genuen espresuki horretarako. Gizarteak formazio berria behar du, formazio gehiago, eta guk malgutasuna izan behar dugu.
Zein Euskal Herri eraikitzen lagundu nahiko zenukete?
Gure balioetan oinarritutako Euskal Herria dugu jomugan. Giza eskubideetan oinarritua, justuagoa, gizatiarragoa, jasangarriagoa. Adibidez, Giza Eskubideen Pedro Arrupe Institutuan presoen dispertsioak familiengan duen eraginaren inguruko lan bat egin dute, eta Etika Aplikatuko Zentroan ETAren estortsio ekonomikoaren inguruko beste bat.
Zein ikerketa ildo dituzue?
Erronka batzuk jarri ditugu: sormena, parte hartzea, zahartzaroa, justizia soziala, generoa... Bakoitzarekin plataforma bat sortu dugu eta horietan fakultate eta diziplina ezberdinetako jendeak lan egitea lortu dugu. Ez da ohikoa ingeniaritzakoak gizartekoekin jardutea. Ikerketan kalitatezko 300 argitalpen ditugu. Orain hamar urte 40 bakarrik genituen. Pozik gaude.
Zein leku du euskarak Deustuko Unibertsitatean?
Graduen %41 eta masterren %10 euskaraz dira. Ikasleen %41 euskaraz egiteko gai dira eta %30ek euskaraz ikasten dute. Euskaraz eskainitako kreditu kopurua %41,38 da. Irakasleei dagokienez, %37,87 dira euskaraz irakasteko gai. Euskal Hizkuntza eta Kultura [lehen Euskal Filologia] eta Hizkuntza Moderno bat [Ingeles Filologiaren antzekoa] batera egin daitezke gradu bikoitz batean. Duela 30 bat urte Euskal Filologia eta Ingeles Filologia bi mundu ziren. Orain gizartea gehiago lotu da eta jendeak bi gauzak sakondu nahi ditu.
Ikasle eta langileen artean zenbat dira emakumeak eta zenbat gizonak?
12.112 ikasleetatik 7.267 (%60) emakumezkoak dira eta 4.845 gizonezkoak. 1.277 langile daude, horietatik 638 irakasleak (%51 emakumeak), 132 ikertzaileak (%64 emakumeak) eta 507 administrazio eta zerbitzuetako langileak (%73 emakumeak). Berdintasun plan bat hasi genuen 2016an. Kontziliazioa hartzen du barrenean, jazarpenari buruzko protokolo bat ere bai. Ikerketa talde bat dugu genero gaiak lantzen dituena eta hizkuntza ez sexistarako gida onartu dugu. Ingeniaritza Teknikoan emakumea eta teknologia lotzeko Ada Byron saria daukagu eta ia ehun pertsona aurkezten dira. Inspira Steam proiektua ere badugu, neskei umetatik bokazio teknologikoa pizteko.
Zein erronka pertsonal dituzu?
Alde batetik, barruko elkarlana jorratzea. Mentalitate ezberdinetako jendeak elkarrekin lan egitea da nire helburua eta gauza asko egiten ari gara zentzu horretan. Bestetik, gure nortasunean sakontzea. Gauzak ongi egitea profesionalki, eta hori lotzea jendeari laguntzearekin; Euskal Herriko gizarteari laguntzea ekonomian eta baloreetan, eztabaidetan sartuz; ekologia, erlijioen arteko elkarrizketa, errefuxiatuak, antropologia… gai handi hauekin zer egin lantzea; hezkuntza eredua zaintzea (tradizionalki ondo gaude honetan); eta, azkenik, alboko erakundeekin kolaboratzea. Elkarlan gehiago egin beharko genuke unibertsitateen artean.
«Hurrengo helmugak Afrika eta Asia dira»
Ikasleak gero eta gehiago mugitzen dira. Zein herrialderekin duzue harremana?
459 hitzarmen ditugu. Gradura datozen ikasleak batez ere europarrak dira, graduondo eta doktoretzakoak hegoamerikarrak eta kurtso laburrak egitera datozenak estatubatuarrak. Tuning Academyn 118 herrialdetan lan egin dugu, 500 unibertsitate baino gehiagorekin. Gaur egun bi Erasmus+ proiektu koordinatzen ari gara Asiako hego-ekialdeko zazpi herrialdetan eta Indian, eta hirugarren proiektu bat kudeatzen ari gara 42 herrialde afrikarrekin. Munduko toki askotako unibertsitate sistemak berritzeko lan handia egiten ari gara. Hemengo ikasleak batez ere Europara joaten dira Erasmusekin, baita Amerikara ere. Hurrengo helburuak Afrika eta Asia izango dira. Horiek lantzea lortu behar dugu.
Zein aukera dituzte ikasleek hemendik ateratzean lanean hasteko?
Gero eta gehiago esango nuke. Zenbat eta formazio gehiago, orduan eta lan gehiago. Duela hamar urteko krisia gutxiago sufritu zuten doktoretza edo masterra zutenek. Zerbitzu bereziak ditugu ikasleen laneratzea errazteko: enpresen aurkezpenak, enplegu azoka, Deusto Alumni, praktikak… %91,6k lanean edo ikasten jarraitzen dute, eta %88 ikasitako horretan ari dira lanean. Azken datu hori inportantea da. Lan kalitatea lortzea da.M. I.