«ORDAINDUTAKO FESTEN» LEHEN EGUNA LASAI ETA GIRO ONEAN IGARO DA
ATZO EZARRI ZITUZTEN LEHEN ALDIZ BAIONAKO FESTAK MUGATZEKO ITXITURAK ETA SARRERA BAIMENTZEN DUTEN ESKUMUTURREKOAK. 8 EURO ORDAINDU ETA KONTROL POSTUETATIK PASA BEHAR IZAN BAZUTEN ERE, BISITARI GEHIENEK UDALAK HARTUTAKO NEURRIAK ULERTZEN DITUZTELA AITORTU ZUTEN. HALA, SARBIDEETAN EGUNA LASAI IGARO ZEN.
Gutxi batzuk baino ez ziren izan eskumuturrekoa ez ordaintzearren goizeko hamarrak aitzin hiriko barrutian sartu zirenak. Ordu horretan Baionako sarbideetan lasaitasuna zen nagusi eta horrela igaro zen eguna, baita kontrol postuak ezarri ostean ere. Ez zen pilaketarik izan, ez eskumuturrekoak erosteko guneetan, ezta bisitarien poltsa eta poltsikoak miatzen zituzten pasabideetan ere.
Egoera bestelakoa zen, ordea, Baionako erdigunean. Eguraldia lagun izan zen festen bigarren egunean ere, eta sekulako giroa zuten hiriko karrika eta plazak betetzen zituzten festazaleek.
Dena kontrolpean
Bastion Royaleko sarbidea igaro ostean elkarri eskumuturrekoa lotzen ari ziren bi britainiarrek ez zuten aparteko kexurik: «Ingalaterran ohikoa da festa batera sartzeko ordaintzea, beraz, ohituta gaude. Gainera, ez da batere garestia». Laugako etorbidetik sartu zen familia suitzar batek, berriz, ez zuen sarrera ordaintzeko arazorik ikusten, «baldin eta biltzen duten dirua gauza onak egiteko bideratzen bada».
Gune bera zeharkatzen ari zen Nikolas baionarrak bazuen egiteko ñabardurarik. Bere iritziz, «guztiok ulertzen dugu neurri hauek hartzearen zergatia, baina festei mugak jartzea festaren filosofiaren kontra doa».
Nikolasek, inguruko herrietan bizi diren hiru lagunentzako eskumuturrekoak erosi zituen. Bera bezala, ehunka izan ziren gauza berbera egin behar izan zuten baionarrak. Haietako batek, ez zuen bere izena eman nahi, honakoa aitortu zuen: «Elkarteen bidez lagunentzako sarrerak eskuratzen saiatu gara, baina ez da batere erraza izan. Udalak zorrotz jokatu du».
Behin sarbideak pasata, ordea, ohiko itxura zuten Baionako bestek. Eguerdian, Alaia Martinek eta Andoni Egañak Patxa plazan eskaini zuten bertso saioan ere hizpide izan zuten eskumuturrekoen afera. Honako bertsoan laburbildu zuen Egañak egoera: «Hiri sarrerara iritsita/ harritu gara zeharo/ eskumuturra oihalez bildu/ pentsatu dugu akabo!/ Orain lurrean berriz, gezi bat/ erakusten duena klaro/ dirudienez hiri honetan/ dena kontrolpean dago».