A.A.
EZKER

Altuna eta Albisu nagusitu ziren Azpeitiko izen handien neurketan

Altuna III.a eta Albisu 22-16 nagusitu ziren astearte gauean Azpeitian Olaizola II.aren eta Zabaletaren aurka jokatu zuten partida handian. Handia batez ere paper gainean, Aspeko eta Asegarceko aurrelari eta atzelari onentsuenek nahasian jokatzen zutelako, baina bertan izan ziren ikusleen esanetan neurketa ez zen bete-betekoa atera. Uda garaia da, pilotariak partida asko jokatzen ari dira, eta ulertzekoa da hori ere.

Aimar Olaizola eta Jose Javier Zabaleta aurretik ibili ziren markagailuan aurreneko tantoetan, baina apurka-apurka gorriak agintea hartzen joan ziren eta bigarren atsedenaldi luzera 18-14 aurretik heldu ziren. Azken txanpan ere ez zuten barkatu eta garaipena gipuzkoarrentzat izan zen –aipatzekoa da Olaizolak eta Zabaletak elkarrekin jokatu zutela ekainaren erdi aldera, eta orduan ere ezin izan zutela garaipena lortu–.

Uztaileko lanak amaituta, abuztuari ere elkarren aurka jokatuz ekingo diote Jokin Altunak eta Aimar Olaizolak. Igandean izango da Gasteizen, Buruz Buruko finalaren errebantxan –neurketa ardoaren desafioan sartu dute enpresek–. Aurrez, beste jaialdi batzuk ere etorriko dira, aipagarrienak ostiral arratsean Donezteben eta larunbat arratsaldean Beran.

Honi buruzko guztia: EZKER