Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Jaien mitoa

Beharbada udako lehorte informatiboa tarteko izan ez balitz, jaien gorabeherak ez lirateke horren maiz eta luze aipatuko hedabideetan. Egia esan, apenas irakurtzen ditut argitaratu ohi diren festa kontuak eta ez da, zinez, festa gustuko ez dudalako. Herri bakoitzak badu berezitasunik, baina urtea joan eta urtea etorri, egitaraua ez da asko aldatzen eta kronika, elkarrizketa ludiko edo erreportaje irritsuak errepikakorrak suertatzen dira. Kazetariontzat berritasunak topatzea buruhaustea izaten da.

Halere, egunkarietan orriak betetzen dira argazki alaitsuekin eta irrati eta telebistan zeinen ondo pasatzen dakigun erakusten digute etengabe. Kanpotarrei inbidia emateko ere erabiltzen ditugu, guk oso ondo baitakigu dibertitzen. Mitifikazio punttua baino mitifikazio itzela ez ote dugu egiten gure jaien inguruan? Nire gazte garaian irrikitan izaten ginen herriko jaiak noiz iritsiko, urtean zehar ez baikenuen festa egiteko azken hamarkadetan dugun bezainbeste aukerarik. Halako musika taldea edo puntako bertsolaria, pilotaria edo sabelean zirrara eragiten duten tiobiboak herrian izatea sekulakoa zen.

Orain ere herriko jaiak berebiziko hitzordua izaten dira, baina ez da horrenbesterainoko nobedadea. Alor honetan ere gauzak dexente aldatu direlakoan nago. Festa herrikoia eta parte-hartzailea izatea aldarrikatzen dugu baina, nire herritik bertatik hasita (eta ekimen bat edo beste kenduta) askotan jende asko begirale huts bezala egoten da. Ez al zaizue egokitu, esaterako, plazan milaka euro ordaindu ostean ekarrarazitako musika taldea jo eta jo eta aurrean apenas dozena pare bat gaztetxo ikustea? Edo patata tortilla lehiaketan lehiakide aski ez izatea? Eta zeresanik ez antolatzeko lanetan... beti betikoak, edo ia, batik bat auzo txikietan. Ez dute, ez, meritu gutxi herriko elkarte eta herritar boluntarioen eskaintza ordez, festak gero eta gehiago eskubidez dagozkigun «zerbitzu publiko» bat bezala hartzen direnean.

Bueno, gure festa giro «paregabea» zapuzten ari naizela leporatu baino lehen, mitikoenen (edo mitifikatuenen?) haritik amaituko dut gaurkoa. Gora San Fermin!!