Txakolina ere Asperentzat, nahiz eta estelarra galdu
Peio Etxeberriaren eta Elezkanoren bakarkako garaipenek erabaki zuten Donostiako desafioa.

Astearte gauean Donostian jokoan ipini ziren K Pilota Txakolinaren 600 botilak Aspeko pilotariek eraman zituzten. Peio Etxeberriak lau eta erdian eta Danel Elezkanok kantxa guztian bakarka lortutako garaipenek eman zioten garaipena Eibarko enpresari, lau aurrelarik binaka jokatu zuten estelar dibertigarrian Asegarceko Artola eta Olaizola II.a nagusi izan zirelako.
Beste behin ere, eta aurtengo udan badoaz batzuk, katedrak ez zuen asmatu desafioko aurreneko bi partidetan. Lehenengoan, lau eta erdikoan, Jon Ander Peña tolosarra faborito irten zen Peio Etxeberriaren kontra, baina nafarrak 22-10 irabazi zuen dema. Hasiera nahiko parekatua izan zen, erritmo bizian jokatuz eta tanto onak huts dezenterekin nahasiz. Erdialdetik aurrera ere Peña II.ak oker jarraitu zuen, pilota asko galduz, baina Etxeberriak oso zuzen jokatu zuen, serio, aurkariaren akatsak baliatuz –nafarrak jokoan hiruzpalau tanto bakarrik egin zituen, baina gipuzkoarrak dozena inguru galdu– eta garaipen garrantzitsua eskuratuz.
Ondoren, lau aurrelariren arteko binakako norgehiagokaren txanda izan zen, ikusmin handiena pizten zuena, Ezkurdia eta Olaizola II.a Altunaren eta Artolaren atzelari jokatzen. Eta partida benetan ikusgarria atera zen, nahiz eta emozio apur bat falta. Lehen erdian batez ere, tanto gogorrak ikusi ziren, nahasiak, erritmo bizian jokatutakoak, eta azkenean Iñaki Artolak eta Aimar Olaizolak 12-22 irabazi zuten, desafioa 1-1 berdinduz.
Lehiak ia 57 minutu iraun zituen, 411 pilotakada jo zituzten pilotariek, eta aipatzekoa da Iñaki Artola izan zela laukoteko onena. Alegiarra sasoi betean dago, eta astearte gauean ere bera izan zen neurketaren erritmoa markatu zuena. Bederatzi tanto egin zituen eta Jokin Altuna mendean hartu zuen. Torneo nagusietan gutxi sartu arren, Zarauzkoa irabazi zuen, eta Bizkaia Torneoaren finalean eta atzoko desafioan binakako demak irabazi egin ditu, nahiz eta azken bi horietan taldekako garaipenak ihes egin.
Aimar Olaizola ere eroso aritu zen atzelari, eta Altunaren kontra zortzi partida segidan galdu ostean bederatzigarrena irabaztea lortu zuen goizuetarrak. Amezketarra kamuts ibili zen, errematean zorte handirik gabe, eta Ezkurdiak ere pilota batzuk galdu zituen atzean.
Gauzak horrela, txakolin botilak norentzat izango ziren hirugarren eta azken partidan erabaki zen. Eta buruz buru kantxa guztian, Danel Elezkanok 22-20 menderatu zuen Victor. Partida gorabeheratsua izan zen, eta Victor 1-4 aurreratu zen arren, Elezkanok markagailuari buelta eman eta abantaila handiak izan zituen (15-8, adibidez). Errioxarra esnatu zen gero. Asko estutu zuen bizkaitarra eta 17-18 ere aurreratu zen. Baina azken tantoak hobeto jokatu zituen Elezkanok, ordubete eta 226 pilotakadako dema irabazteko.
Bigarren finalerdia, gaur gauean
Binakako Donostia Hiria Torneoa atzo gauean hasi zen lehen finalerdiarekin, eta bigarrena gaur jokatuko da Atano III.a pilotalekuan: Altuna III-Imaz / Olaizola II-Zabaleta (jaialdia 22.15ean hasiko da). Enpresa desberdinetako pilotariek nahasian jokatzen dutela baliatuz, aukera polita izango da Jokin Altuna eta Ander Imaz batera jokatzen ikusteko. Kontuan izan behar da biak gipuzkoarrak direla eta 2014an Gravni torneoa batera irabazi zutela, finalean gaur egun profesionalak diren Asier Agirreren eta Adur Lasaren kontra jokatuta. Aurrean izango duten bikotea, ordea, ez da nolanahikoa. Aimar Olaizola, Asegarceko aurrelari onentsuena, Jose Javier Zabaletarekin, Aspeko atzelari onentsuenarekin. Hala ere, azken hilabeteetan jokatu dute pare bat aldiz elkarrekin eta emaitzak ez dira onak izan. Ekainaren 15ean Urrestillan 22-8 galdu zuten Altuna III-Rezustaren kontra, eta uztailaren 31n 22-16 Azpeitian Altuna III-Albisuren aurka.A.A.

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump
