Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Urrezko Pioleterako hiru hautagaitza «lehiatuko» dira

Historian lehen aldiz alpinismoaren sari preziatu hori Italiatik eta Frantziatik irtengo da. Hain zuzen ere, ekitaldi nagusia Polonian izango da. Gasherbrum I, Shispare eta Nuptsen eginiko jarduerak hautatu dituzte.

Duela hilabete bidalitako prentsa oharrean Urrezko Pioletaren antolatzaileek aurtengo jaialdiaren berri eman ziguten. Eta albiste guztien artean, batek, bederen, harritu gintuen. Ezustekoa ala ez, kontua da jaialdia lehen aldiz Frantziatik eta Italiatik atera dutela. Polonian izango da; hain zuzen ere, Ladek izeneko jaialdian. Topaleku entzutetsua da, besteak beste, mendiko kultura, kirola eta zinema batzen dituena.

Eta, jakina, ekitaldi nagusi horretan jakingo dugu nork (edo nortzuek) eskuratuko duen Urrezko Pioleta. Urtero legez, epaimahaiak ez du batere erraz izan “finalerako” jarduerak hautatzea. Iaz 22 eskalada izan ziren, eta aurten, berriz, 58. Eta horietatik guztietatik goi mailako hiru jarduera alpinistiko azken fasera igaro dira.

Epaimahaiaren arabera, hiru hautagaitza horiek Urrezko Pioletaren filosofia ordezkatzen dute: «Estilo arinean garaiera handian eskalatzeak bakardadea onartzea eskatzen du. Han goian soil-soilik buruak duen indarrak ematen du bizirik irauteko aukera. Gainera, eskalada oso teknikoak izateaz gain, muturreko konpromisoa eta zortea ordezkatzen dituzte. Eta hautatu ditugun hiru jarduera horiek ezohiko diren kategoria horretan sartzen dira. Guztiek ala guztiek alpinismoaren balio gorenenak beren baitan jasotzen dituzte. Erronka handiak dira».

Bi aipamen berezi

Hiru hautagaitza horiei dagokienez, aurreratu behar dugu jarduera bat zortzimilako batean egin zela eta beste biak zazpimilakoetan. Lehenak Marek Holecek eta Zdenek Hak txekiarren sinadura darama. Bikote horrek Gasherbrum I mendiaren (8.068 m) mendebaldeko aurpegian “Satisfaction” bidea (2.600 m, ED+, WI5+, M7) zabaldu zuen.

Bigarren hautagaitza sokada japoniar bat da: Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima. Bada, alpinistok Shispare mendiaren (7.611 m) ipar-ekialdeko horman “Shukriya” marra ((2.700 m, WI5, M6) sortu zuten.

Eta Frederic Degoulet, Benjamin Guigonnet eta Helias Millerioux frantziarrak ere Urrezko Pioleta jasotzeko hautagaiak dira. Hirukoteak Nuptse Nup II mendiaren (7.742 m) hego aurpegian 2.200 metro eta WI6 eta M5+ zailtasunak dituen bide berria ireki zuen.

Bi aipamen berezi ere emango dira. Batetik, Alex Honnoldek aitortza jasoko du. Eta bestetik, Chantel Astorga, Anne Gilbert Chase eta Jason Thompsonek, Nilkantha mendian (6.596 m) eginiko jarduerarengatik.