Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Donostiako Zinemaldia

Argentinako diktaduraren iragarle zen isiltasun eta moral bikoitza

«Rojo» filma ikusteko bi modu daude Benjamin Naishtat zuzendariarentzat: batzuek film poliziako bat ikusiko dute, besteek Argentinako diktaduraren aurreko inpunitate giroa. Andrea Frigerio antzezlearentzat, Argentinako diktaduraren aurreko «moral bikoitza» islatzen du filmak. «Ez genuen galdetzen, ez genuelako jakin nahi», esan zuen.

Argentinan eta 1975. urtean kokatzen da Benjamin Naishtat zuzendari gaztearen “Rojo”, Zinemaldiko Sail Ofizialaren barruan atzo aurkeztu zen hirugarren filma. Zuzendariaren hitzetan, filma ez dago bere testuingurutik kanpo ulertzerik, eta agian hori izan zen prentsa aretoan egitekoa zuten aurkezpena hasi aurretik akreditatuen artean izan ziren filmaren ulertze saiakera kolektiboak eragin zituena. Naishtaten hitzetan, “Rojo” ikusteko bi era daude: Argentinako historia hurbilaren berri dutenek diktaduraren aurreko garaietan kokatuta dagoela identifikatu eta «garaian zegoen inpunitate zibila» atzemango dute, eta, gainerakoek, berriz, film poliziako bat izango dute aurrez aurre.

Isiltasuna eta inpunitatea

Artean Naishtat jaio gabea zen 1975ean eta, hargatik, Dario Grandinetti aktoreak zuzendariak gaia jorratzeko izan duen ausardia nabarmendu zuen: «Gure herrialdearen aro ilun horren gaineko begirada berritzailea ekarri digu, diktaduraren gaineko filmetan sekula ez baita fokua aurretik egon zen konplizitate zibilean jarri». Izan ere, filmean ospe handiko abokatu batek liskarra izango du herrian ustekabean azaldu den ezezagun batekin, eta liskar horren ondorioen inguruan isiltasuna eta sekretuak pilatuko dira.

«Nik neuk 14 urte nituen 1975ean –esan zuen, bere aldetik, Andrea Frigerio aktoreak–, eta Benjaminek garai hura deskribatzeko duen moduak zirrara eragin zidan. Nik neuk ezingo nuke hobeto egin. Moral bikoitzaren garaia zen, gauza askotaz jabetzen ginen arren, ez genuen ezer galdetzen, ez genuen ezer jakin nahi, jakiteak zure izena zerrenda ilunetara eraman zezakeelako», ziurtatu zuen. Ildo beretik hitz egin zuen Dario Grandinettik ere: «Gure historiako garai ilun bat irudikatzen du filmak. Nik bizi izan dut garai hori eta oso presente daukat, giro arraro hori, zerbait oso itsusia bazetorrela sumatzen genuen denek eta gero gertatu egin zen».

Grandinettik gaineratu zuen egungo Argentinan ere badagoela zenbait jende ez duena «begi onez ikusten ‘zahartxo’ horiek, horrela deitzen baitiete, ‘zahartxoak’, kartzelan egotea, baina zorionez bada beste jende asko justizia eskatzen duena». Bada, “Rojo” filmak hausnarketa bideratzeko balio izatea espero du aktoreak: «Adi egoteko beharraz dihardu filmak, beti daudelako hor, helburu beraren bila: guztiarekin geratzea».