Ariane KAMIO
DONOSTIA
Donostiako Zinemaldia

Egiazkotasunaren bilaketa kritika politikorik gabe

Brillante Mendozak dokufikzioaren hautua egin du «Alpha. The Right to Kill» filmean. Proposamen ausarta, Filipinetako Polizia bete-betean jo eta drogaren inguruko ustelkeria pantailara ekartzen duena. Egiaren bilaketa baina zantzu politikorik gabe.

Benetako istorioak, errealak, egiazkoak eta zintzoak pantailara eramateko dohaina –edo ohitura– du Brilante Mendozak eta Zinemaldiko Sail Ofizialera bere zine printzipioekin bat datorren lana ekarri du. “Alpha. The Right to Kill” Filipinetako sistema polizialari egindako kritika osoa da, droga trafikoa eta ustelkeria mahairatzen dituena. Pertsonaia nagusi batean oinarritzen da zuzendaria bere herrialdean gertatzen denaren lekuko edo isla izateko. Kasuan, Espino sarjentuaren (Allen Dizon) ikuspuntua darabil ustelkeriaren trazua egiteko. Baina ez da txertatzen duen ikuspuntu bakarra, bizirautea helburu duen Elijahren (Elijah Filamor) arrastoa ere tartean sartzen baitu. Bera da Espino sarjentuaren konfidentea droga trafikoan. Gau batez Abel izeneko droga trafikatzaile baten aurkako operazioan parte hartuko dute biek, hildako ugari eragingo dituena. Espinok trafikatzailearen motxila lapurtuko du operazioaren amaieran, diruz eta metanfetaminez lepo dagoen zakutoa. Elijahk egingo du merkantzia diru bihurtzeko lan zikina. Ustelkeria batentzat, superbibentzia lan hutsa bestearentzat.

Ikuspegi errealista –oso errealista– batetik egin du bere lanaren planteamendua Brillante Mendozak, ohiko duen filosofiarekin bat eginez. «Poliziek ez zuten gidoia osorik ikusi, baina hitz egin nuen Filipinetako Polizia Nazionalaren buruarekin. Eurentzat oso argi zegoen asmoa zein zen. Egia da benetako poliziekin kolaboratu dugula; filmean agertzen diren gehienak benetakoak dira eta eurek egiaztatu zituzten bai bertako eztabaidak bai bertan agertzen ziren elkarrizketak ondo zeudela. Horrek lagundu digu filma egituratzen», esan zuen zuzendariak. Bere helburua Filipinetan gertatzen dena agerraraztea izanagatik ere, irakurketa politikoari uko egiten diola zehaztu zuen. «Badakigu zer gertatzen den herrialdean, norberak bere iritzia du, baina denak ez gara Filipinetan bizi izan. Hemen albisteak ikusten ditugunean, puztuegiak daudela iruditzen zaigu. Filipinetan onartu behar dugu badaudela gisa honetako egoerak, arazoak daude eta hilketak ere egongo dira tartean. Baina ez dut alde politikoa agertu nahi, filmarekin zintzo eta leial jokatu behar dugu; horregatik beti egiaren eta zintzotasunaren aldeko apustua egiten dut nire filmetan».

Netflix konpainiarentzako egindako “Amo” telesailaren bertsioa da “Alpha. The Right to Kill” eta protagonista bera da bietan, Allen Dizon. «Nik neuk ere ikerketak egin behar izan nituen, batez ere ‘Amo’-ko rola lantzeko. Polizia ustela naiz eta nire egunerokotasunean erabat kontra nago. Iritzi desberdina izanik, gogorra izan zen hasieran; erronkatzat hartu nuen ‘Alpha’ filmean parte hartzea».