Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Copyright-aren gaineko erabakiak

Copyright-aren gainean, gaur-gaurkoz, indarrean dagoen Europa mailako direktiba 2001ekoa da. Orduan ez ziren Internet erabiltzaileek sortutako lanak Youtubera igotzen. Lau urte falta ziren gaur egun bigarren bilatzaile nagusia den Youtube sortzeko. Spotify ere ez zegoen, 2008an sareratu baitzen. 2001ean musika entzuteko modua ez zen oraingoa. Ezta telebista ikustekoa ere. Baina ordurako sortuak ziren edukiak partekatzeko plataformak.

Ingurune digitalak edukien sorkuntza eta partekatzeko modua irauli du. Eta edukiak atzitzeko bideak ere zabaldu ditu. Sortzaileen profila ere areagotu du, Internet erabiltzaile batzuk sortzaile ere izan daitezkeelako. Eta, hortaz, adierazteko modu berriak ere sortu ditu (zilegi izan beharko luketenak). Horregatik da ezinbestekoa erabiltzaileen eta egile eskubideen arteko oreka bilatzea. Horregatik da garrantzitsua copyright-ak sakonean duena eztabaidatzea. Benetako eztabaida gauzatzea.

Irailaren 12an Europako Parlamentuan aurrera egin zuen direktiba berriak ingurune digitalarekin sortu diren espresiobide eta informazioa atzitzeko moduetan eragiten du zuzenean. Edukien zentsura prebentiboa ezartzen du. Eta nago ez garela eragin horren dimentsioarekin jabetzen: Interneti lotutako ardura legalen gaineko eztabaida galtzen ari baikara, Internet irekiaren kaltetan.

Direktiba berri honen aldeko sekulako lobby lana egin dute espainiar eta frantziar estatuek. Lehenak ordezkaritza zabala bidali zuen eurodiputatuak aurrez aurre presionatzeko. Bigarrena testuaren autore eta bultzatzaile nagusien artean dago. Eta olatu hori baliatuz, espainiar Estatuan PP, PSOE eta Ciudadanos alderdiek Jabetza Intelektualaren Legeari zuzenketak aurkeztu berri dizkiote: webguneak ixteko kontrol judizial oro ezabatzea proposatzen dute. Eta Europako direktibara egokitzapena egin behar dutenean ere, gehiengo batekin egingo dute.

Esan gabe doa: ingurune digitalari dagokionez ere, beste egoera batean geundeke Euskal Herrian gure erabaki propioak hartu ahal izango bagenitu.