Ariane KAMIO
DONOSTIA
66. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Suizidioaz hizketan

Tuva Novotny-k itxi zuen, atzo, bere lehenengo film luzearekin Sail Ofizialeko lehia. Baina azkena izan arren, proposamena ez zen atzeko lerroetan uzteko modukoa. Suizidioari zuzenki heldu dio zuzendari suediarrak eta herrialde eskandinaviarretan dagoen tasa altuari keinu eginez, tabuak hautsi eta elkarrizketa tresna gisa aurkeztu du.

Gaiak ez du ikuslea erdizka uzten. Suizidioa begien aurre-aurrean. Baina erabilitako formatuak ere zeresana sortu zuen. Tuva Novotnyk sekuentzia bakar batean filmatu zuen 107 minutuko metrajea duen lana. “Blind Spot”-ek Sail Ofizialeko lehia itxi zuen atzo, baita amaiera gordina eman ere.

Mariak eta Anders-ek Norvegiako hiri txiki batean bizi den bikotea osatzen dute. Bost urteko seme bat dute, Bjorn, eta nerabezaroan dagoen alaba, Thea. Guztia ohikoa da zantzu guztien arabera, ez dago kezkatzeko arrazoirik, ez egoera larri batean egongo diren pistarik ere. Bat, bi eta hiru, Theak bere burua leihotik botatzen duen arte.

Tuva Novotnyk ikuspegi errealista batetik heldu dio gaiari, epairik egin gabe, errudunik aurkitzeko nahirik gabe, eta guztia denbora errealean. Metrajean zehar, gaztearen iraganaren zertzeladak erakusten ditu ikuslearen aurrean, baina ez suizidiora eraman duten arrazoiak, amaiera guztiz ireki bat utziz. Puntu itsuei begira jarri da, ez besterik.

«Gaixotasun mentalei buruzko puntu itsuei buruz hitz egiteko sortu nuen istorio hau. Nik neuk ere badut puntu itsu hori. Gizartean erakusten dugu daukagun aurpegirik irribarretsuena eta barruan arazo asko ditu jendeak eta ez du lengoaia bat komunikatzeko zer sentitzen duen», azaldu zuen.

Herrialde eskandinaviarretan dagoen suizidio tasa altuari keinu eginez, zuzenki heldu dio gaiari sortzez suediarra den zuzendariak. «Norbait ezagutzen baduzu eta oso itxura ona ez badu, galdeiozu, ‘burumakur zaude? Zeure buruaz beste egin nahi duzu?’ Oso zuzena da galdetzeko modu hori, egia da. Baina ezagutu ditudan adituek diote horrela hitz egin behar dela, argi eta garbi. Gaixotasun mentalak dituzten pertsonek beren burua isolatzen dute eta burbuila hori apurtzea lortzen bada, bakarrik sentitzeri uzten diote», gaineratu zuen.

Eta zergatik metraje osoa plano sekuentzia bakarrean? «Denok genuen errespetu handia gaiarekiko eta halako zerbait bizi duten pertsonekiko. Errespetuz tratatu nahi genuen gaia eta horregatik erabili genuen denbora erreala. Ez genuen zerbait artifiziala egin nahi, horregatik ikertu genuen egoeraren erretratu erreal bat lortzeko, dramatismotik urrun».

Novotnyk hiru egunetan filmatu zuen lana eta egun bakoitzean behin filmatu zuten metraje osoa. Azken bertsioa da azkenean filmerako erabili dutena. Pia Tjelta eta Anders Baasmo Christiansen ditu protagonista guraso paperetan, baina profesionalak ez diren aktoreekin lan egin du ospitaleko langileen roletan. «Ez genuen erromantizismoan erori nahi, ez genuelako gazterik bultzatu nahi beren buruaz beste egitera. Horretarako benetazko medikuak, erizainak erabili genituen. Aktoreentzat oso lagungarria izan da dena benetakoa den egoera batean jartzea. Oro har denontzat izan zen lagungarri eta benetako egoera baten antzeko zerbait sortzen lagundu zigun».