Dani Arnoldek errekorren proiektu berezia itxi du
Joan den uztailaren 27an, alpinista suitzarrak Grandes Jorasses-eko Walker ezproian dagoen «Cassin» bidea 2 ordu eta 4 minutuan igo zuen. Eiger zein Matterhorneko errekorretan ez bezala, Arnoldek bakarkako jardun horretan ez zuen sokarik erabili.
Inork ez du zalantzan jartzen mendiak, ertzak, hormatzarrak… ziztu bizian igotzea modan dagoela. Hots, gero eta gehiago dira errekorren atzetik jarduten duten espezialistak. Baina badira izaera horretako jardueren ekarpena zalantzan jartzen dutenak. Alegia, kronoa, errekorrak eta halako kontzeptuak kritikatzen dituztenak. Jakina, “arautu gabeko” kirol honetan ere kolore guztietako iritziak daude. Eta, hain zuzen, bi orrialdeotan goraldi handia izaten ari den modalitate horren pare bat adibide jorratuko ditugu. Bi alpinista izango dira protagonista.
Lehena, Dani Arnold dugu. Suitzarra bakarka integralean espezialista handia dugu. GARA urte hasieran jarri zen azkenengoz harekin harremanetan; hain zuzen ere, Kandersteg-en “Beta block” bidea (WI7) bakarka eta sokarik gabe igo zuenean. Orain, berriz, joan den abuztuan sinatu zuen eskalada baten inguruan solastatuko gara. Arnoldek Grandes Jorasses-en zirkulu edo xede berezi bat itxi du. Alpeetako ipar pareta enblematiko horretako Walker ezproian dagoen “Cassin” marra 2 ordu eta 4 minutuan igo du. Berriro ere bakarka eta soka erabili gabe. Beste era batera esanda, abiadurako errekor berria ezarri du.
Esan bezala, zirkulu bat itxi du. 2011n Eiger-eko ipar horman dagoen bide klasikoan 2 ordu eta 28 minutuko denbora egin zuen. Hala, 20 minutuan ondu zuen hiru urte lehenago Ueli Steck-ek eginiko denbora. Alabaina, azken honek duela hiru urte beste ekinaldi bat egin eta minutu batzuk gutxiagoan egin zuen. Egungo errekorra da.
Urte horretan, lerrootako protagonistak bere bigarren urratsa egin zuen. Cervino edo Matterhorn aukeratu zuen. Eta mendi honetan ere ipar paretaren ohiko bidea hautatu zuen. 2015. urtean, mendiaren 150. urteurrenean, ordubete eta 46 minutuko denbora egin zuen. Errekorra, alegia; izan ere, 2009an Steck-ek egindako denbora 10 minutuan murriztu zuen.
Hirugarren eta azken erronka, Grandes Jorassesekoa, amaitu bezain laster honako hau adierazi zigun: «Alpeetan izen handia duten hiru ipar horma horiek oso azkar igo ditut. Horrekin amesten nuen, eta, azkenean, egia bihurtu da. Azken urteotan ‘Cassin’ bidea buruan bueltaka izan dut. Eta ez da harritzekoa; izan ere, edozein alpinistarentzat oso helburu erakargarria da. Pozarren eta oso harro nago Grandes Jorassesen eginiko eskaladarekin. Merezi izan du une egokia noiz iritsiko ote zen zain egotea. Eta niretzat hori ez da batere erraza, besteak beste, pazientzia gutxi dudalako. Baina izaera horretako igoera bat egin ahal izateko, den-denak perfektua behar du izan. Eta hori diot xehetasun txikienek dena pikutara bidal dezaketelako».
Eta pozarren behar du egon, “Cassin” bidea ziztu bizian igotzeko aldez aurretik eginiko bi saioetan (2016 eta 2017) huts egin baitzuen. Arnoldek hirugarren uda jarraian zuen ipar horma horretan, eta uztailaren 27an aukera izan zuen hirugarren ekinaldi hori biribiltzeko. Teknikoki ez da bide zaila, baina baldintza onetan aurkitzea zaila baino zailagoa da; batez ere, azkar igotzeko. Suitzarrak marraren baldintza horiekin zorte handia izan zuen. 1.200 metro horiek, beraz, 2 ordu eta 4 minutuan igo zituen.
Estiloaren garrantzia
Hiru helburu horietatik azpimarratzekoa da azkenak ñabardura garrantzitsurik izan duela. Eta Arnoldek berak ere hori aipatu nahi izan digu: «Grandes Jorassesekoa ezberdina izan da. Batetik, nire etxetik urrun dagoenez zaila egin zaidalako paretaren baldintzak ondo aztertzea. Eta bestetik, igoera horretan ez nuelako soka gainean eraman. Eiger-en, adibidez, 50 metroko soka bizkar-zakuan sartu nuen, eta Matterhorn-en bost metrokoa. Azken honetan, aldiz, ez sokarik, ez arnesik, ez mosketoirik… Deus ez. Jakina, arrisku handia hartu nuen, baina horren jakitun nintzen guztiz. Oso serio prestatu nintzen, eta erabateko arretarekin jardun nuen. Beste era batera ezin da errekor bat lortu».
Bestalde, suitzarrak aipatu du, aurreko bi eskaladetan bezala, honetan ere marra klasiko bat eskalatu nahi zuela: «Batzuek galdetu didate zergatik ez dudan Uelik bezala neguan ‘Macintyre-Colton’ bidea aukeratu. Eta nik erantzuten dut nire bide propioa egin nahi dudala; hots, ez dut inor kopiatu nahi. Nik hiru ipar horma horietako hiru bide klasikoak igo ditut. Jakin banekien, ‘Cassin’ bidea bakarka eta azkar eskalatzea askoz ere zailagoa dela. Zergatik hori? Bada, marraren %80 arroka delako. Eta harkaitzean abiaduran igotzea elurretan zein izotzean baino zailagoa da. Bidearen zatirik tenteena eta teknikoki zailena, Rebuffat-en diedroa, oso-oso bustia zegoen. Gainera, Ueli baino azkarragoa izatea ez da nire burutik pasa ere egin. ‘Cassin’ eskalatu nahi nuen soilik. Marra hori neguan igotzea aukeratzekotan, jakin banekien ezin nintzela oso azkar joan, eta gainera soka eraman beharko nuen».
Walker ezproian ezarri berri duen errekorra egin baino lehen alpinista suitzarra bide horretan hirutan egon zen: «Hiruretan ala hiruretan sokakideekin igo nuen. Bide hau hainbat sekziotan ez da batere erosoa. Aipatu dut Rebuffat diedroa bustita zegoela, eta hura eskalatu duen edonork badaki zertaz ari naizen. Horretaz gain, hainbat sokada aurreratu nituen; bederatzi, hain zuzen ere. Bide hori izugarri ona da».
Amaitzeko, suitzarrak adierazi du azken xede horretan, beste bi jarduerekin alderatuta, maila gorenera heldu dela: «Ikuspuntu tekniko batetik, bederen, ‘Cassin’-en egin dudana zailena da, eta, gainera, denbora on bat egiteko tartea oso estua da. Bestalde, esan behar dut sokarik gabe igotzearena estilo kontu bat dela. Horrela egin nahi nuen. Apustu horrek buruari asko eskatu zion, eta segurtasuna sendotu behar da. Finean, erronka etiko bat besterik ez da izan; neure bide propioa egin nahi nuen».