Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Egonaldi artistikoa egiten ari dira Amaia Vicente eta Mario Paniego bilbotarrak Wroclaw hirian

Bosgarren urtez jarraian, Euskal Herriko bi artista hartu ditu Poloniako Wroclaw hiriak, AIR Wro programaren baitan. Amaia Vicente eta Mario Paniego bilbotarrak dira aurtengo hautatuak.

Poloniako Wroclaw hirian dira Amaia Vicente eta Mario Paniego artista bilbotarrak, Etxepare Institutuaren laguntzaz, AIR Wro (Artists in Residence Programme) programan parte hartzeko. Azaroaren 18ra bitartean egingo dute egonaldia bertan eta bakoitzak proiektu artistiko bat garatuko du. Hara joan aurretik Donostiako Tabakaleran eskaini zuten prentsaurrekoan aurkeztu zituzten euren proposamenak bi artistek eta beraiekin izan zen ere Etxepareko zuzendari Irene Larraza, egitasmoak izango dituen aldaeren berri emateko.

Larrazak gogora ekarri zuen 2014tik daramatela Wroclaw-rekin egonaldi programak trukatzen eta orotara hamaika euskal artistak egin dutela egonaldia Poloniako hirian AIR Wro programaren bidez. Alabaina, nabarmendu zuen 2016an Donostia Kultur Hiriburu izan zenez geroztik, euskal artistek bide berberetik Polonian egonaldiak egin ahal izan badituzte ere, Euskal Herriak ez duela artista poloniarrik hartzeko baliabiderik izan. «Hurrengo urterako beste eragileren bat sar daiteke jokoan», aurreratu zuen, eta asmoa artista trukea joan-etorrikoa izatea dela jakinarazi zuen.

Esperientziak

Beren aldetik, Amaia Vicente eta Mario Paniego garatzen ari diren proiektuen berri eman zuten. Lehenak “Audio landscape in Wroclaw” izendatu du bere proposamena eta helburua soinu artxibo binaural bat sortzea dela azaldu zuen: «Ez gara inguruan ditugun soinuez jabetzen», azaldu zuen artista bilbotarrak, eta bere proiektuaren helburua pertsonok egunero entzuten ditugun baina horiez jabetzen ez garen soinu eta zaraten kontzientzia har dezagun dela azaldu zuen.

Aurkezpenera, Wroclawn sortuko duen buruetako bat ekarri zuen Vicentek (irudian ikus daitekeena). Azaldu zuenez, tailer formatuan egituratuko du bere parte hartzea eta soinu binaurala –gizakiak bezala eta bi belarrietatik jasotzen du audioa– grabatzea izango du helburu, gero grabaketa horiekin esperimentatzeko.

Paniegok, bere aldetik, publizitateak hirian okupatzen duen espazioaz egingo du gogoeta: panel publizitarioak “desagerraraziko” ditu ikus efektu baten bidez, oinezkoek egunero eta oharkabean irensten duten publizitate kopuruaren gainean gogoeta egitera bultzatzeko.