Joseba Ezkurdia bere «uda» partikularrean sartuta dabil
Uztailean (6) eta abuztuan (7) baino partida gehiago jokatu zituen irailean (10),eta badirudi urrian ere ez zaizkiola bere maila erakusteko aukerak faltako.

Nahi baino partida gutxixeago jokatu ditu Joseba Ezkurdiak aurtengo udan –uztailean sei eta abuztuan zazpi, esaterako–, baina badirudi udazkena hastearekin batera arbizuarrak bere “uda” partikularrari aurre egin beharko diola. Iraila 10 neurketa jokatuta amaitu zuen –San Mateoko Torneoan eta Codere Masterrean finalera iristeak eraginda– eta urriaren hasiera ere bete-betea datorkio.
Izan ere, eta Lau eta Erdiko Txapelketan final-laurdenetako ligaxkan sartu den arren, badirudi binakako neurketak jokatzen segituko duela oraingoz. Gaur, adibidez, Aguraingo jaialdiko partida nagusian izango da, Beñat Rezustarekin Irribarria eta Zabaletaren aurka jokatzeko, eta Aspek atzo bere web orrian jarri zuen programazioaren arabera, igandean Lekunberriko lehen partidan ere sartu dute: Ladis Galartzarekin, Retegi eta Zabaletaren aurka.
Ezkurdiak aurreko ostiralean jokatu zuen Asier Agirreren kontra kaiolako final-zortzirenetako kanporaketa eta datorren ostiralean ekingo dio final-laurdenetako ligaxkari, Victorren aurka Legution. Kontuan hartuz ligaxkako beste bi partida izango dituela zain, dena ongi joanda urrian sei neurketa behintzat jokatuko lituzke, uztailean jokatu zituenak adina.
Eta kopuru zehatzak gorabehera, albiste onena nafarra kantxan ematen ari den maila ona da. Sanmateoetan jaun eta jabe izan zen, torneoko garaipenari pilotari onenaren saria gehituz, eta Lau eta Erdiko Txapelketan ere bere aurpegi onena ematen saiatuko da, noski.
Ligaxkako lehen jardunaldi horretarako material aukeraketak ere zehaztu dituzte. Elezkano II.a eta Jaka izango dira lehenak pilotak hautatzen, bihar, 11.30ean, Arnedon; Ezkurdia eta Victor ere bihar bilduko dira Legution, baina 15.00etatik aurrera; Altuna III.a eta Olaizola II.a ostegunean 11.00etan deituta daude Beotibarren –nahiz eta Jokinek aurreratu duen larunbat goizera arte itxarongo duela jokatu ala ez erabakitzeko–; eta Bengoetxea VI.a eta Urrutikoetxea izango dira azkenak materialaren hitzordua betetzen, ostegunean, 13.30ean, Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan.
Promozioko bi partida gaur
Promozioko Lau eta Erdikoari dagokionez, gaur ezagutuko ditugu finalerdietako ligaxka jokatuko duten azken bi izenak. Jon Ander Peña larunbatean sailkatu zen Labriten Urretabizkaiari 22-7 irabazita; Joanes Bakaikoak igandean eskuratu zuen txartela Etxarrin, Aitor Aranguren 22-19 mendean hartuta; eta gaur, Agurainen, Dario/Elordi eta Ugalde/Peio Etxeberria izango dira azken bi kanporaketak.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
