Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Grandes Jorasses: ekialdeko «Groucho Marx» bidea igo dute

Marra Roger Cararach katalanak eta Alberto Fernandez eta Gorka Lertxundi euskal alpinistek igo dute. Sokadak 800 metro luze den eta librean gehienez 7b zailtasuna duen bidea igo du. Azken eguneko jarduera egiteko, protagonistek hogei ordu behar izan zituzten.

Inolako zalantzarik gabe, Grandes Jorassesetako horma edo isuri guztien artean iparrak du benetako protagonismoa. Izan ere, pareta horretan laumilakoaren historiaren pasarte azpimarragarrienak idatzi dira. Alabaina, lehia egiten ez badio ere, ekialdeko aurpegia ez da atzean geratzen, hala, behin baino gehiagotan aldarrikatzen du alpinismoa egiteko leku aparta dela. Jakina, ez du ipar hormak duen sona bera, baina inork ez du ukatzen xarma izan baduela.

Orriotako alpinista frantziar lagun batek adierazi zigun “aurpegi galdua” deitzen diotela, besteak beste, urrutiko lekuan dagoelako: «Ziur aski horregatik ez ditu bisita asko izaten. Paretak itxura basatia du, eta haren inguruan apenas dagoen informaziorik. Hala ere, zailtasuna duten bide ederrak baditu».

Horietako bat da “Groucho Marx”. Ekialdeko aurpegiaren erdi-erdian altxatzen den diedro sistema erakargarri batek osatzen du. Marra hori 1983. urtean Christiano eta Fabio Delisi alpinista italiarrek zabaldu zuten, eta garai haietarako sormen-lan bikain baino bikainago egin zuten zalantzarik gabe. Eta hori diogu 800 metro luze den bide horretan 6b/A3 zailtasunak gainditu zituztelako. Konpromiso maila ere ez da atzean geratzen. Joan den ekainean, Groupe Militaire de Haute Montagne taldeko kideek bideari puntu gorria jarri zioten; haien aburuz, 7b da.

Aurkezpen hori guztia egin eta gero, aurreratu behar dugu joan den irailean euskal sokada batek aukera izan zuela Grandes Jorassesetako ekialdeko aurpegia eta haren baitan dagoen “Groucho Marx” bidea dastatzeko. Bi euskal alpinista horiek Alberto Fernandez eta Gorka Lertxundi dira. Baina hirugarren kide bat bat ere batu zitzaien: Roger Cararach katalana.

Lertxundik adierazi digunez, “Groucho Marx” eskalatzea bere bi kideen asmoa izan zen: «Alberto eta Roger mendi gidari lanetan ari ziren Alpeetan, eta Grandes Jorassesetako ekialdeko aurpegia eskalatzea ederra izango litzatekeela adostu zuten. Baina ez zuten xede zehatz bati buruz hitz egin. Albertok lanak amaitu zituenez eta antizikloi baten berri eman zutenez, opor motz batzuk hartu eta Chamonixera joan nintzen. Arestian aipatu dudan eskalatzeko asmo hori burura etorri zitzaigun: horma bakartia, gutxi errepikatua, frantziar militarren esanetan agerikoa zein bide zuzena... Bada, hara joateko erabaki genuen. Roger gonbidatu genuen, hasierako asmo horretan parte hartu zuelako. Baina bi egunerako lana zuen, eta hura amaitu artean Alberto eta biok haraneko artesi eder batzuk eskalatzen jardun genuen».

Aurreratu dugunez, Grandes Jorassesetako ekialdeko aurpegia nahiko bakartuta dago, baina, haatik, hormatzar luze eta sendo bat eskaintzen du. Euskal alpinistak beste honako hau gehitu digu: «Inondik ere ez du ipar hormaren sona berdina, baina ekialdeko bideak apenas errepikatzen diren. Hala ere, pareta ederra denez, iruditu zitzaigun abentura potentea zela. Alde horretan ez dago tren edo teleferikorik; beraz, asko ibili behar da. Eguerdian irten eta 1.100 metroko desnibela igo genuen Gervasutti bibakeraino. Biharamunean, Frebouze glaziarretik Hirondelleko lepora igo ginen beste 700 metroko desnibela eginez hiru ordutan. Agerikoa ez izan arren, Roger eta Alberto glaziarrean ondo orientatu ziren. Hala, egunsentiarekin batera zokaloa hasteko moduan ginen. Horma eskalatu ondoren, Walker gailurrera igo eta ohiko bidetik jaisteak bospasei ordu eskatu zizkigun. Roger bi egun lehenago lanean handik ibili zenez, primeran jaitsi ginen».

«Grande Course»

Bidera hurbildu ondoren, hirukoteak joan den irailaren 12an “Groucho Marx” eskalatu zuen. Gervasuttitik goizeko hiruretan irten eta, marra eskalatu ondoren, gaueko hamaiketan autora iritsi ziren. Beraz, 20 orduko jardun luzea egin zuten: «Ez ginen geratu egun guztian. Udako ‘Grande Course’ eder baten osagai denak ditu».

Lertxundik azpimarratu nahi izan duenez, “Groucho Marx” bideak asko bete ditu: «Bide oso ederra da, kalitate handikoa eta estetikoa. Diedro sistema ederrak ditu eta zeure burua babestu behar duzu. Ia ez du iltzerik, eta uste dugu bileraren batean parabolten bat jarri dutela ‘Little Big Men’ bidea zabaltzerakoan. Goialdean sekulako giroa du eta jarduera luzea egitera behartzen zaitu. Oro har, marra gogorra da, eta garai haietako estiloa du. Agerikoa, zuzena, pareta bakartia... Egun, ordea, ondo eta nahiko azkar eskalatzen da. Eta uste dugu era askean igo denez, aurrerantzean gehiago errepikatuko dela. Konpromisoari dagokionez, baditu pare bat zati arriskutsu. Gainontzean, hurbiltze eta jaitsiera hori izanda eta paretaren dimentsioak ikusita, esan dezakegu konpromiso maila hori baduela».

Hirukoteak ondo baino hobeto aprobetxatu zuen antizikloiak eskainitako aukera. Eguraldi egonkorra bermatua zuten: «Baldintza oso onak eta tenperatura altuak izan genituen; ez genuen ia hotzik pasa. Horma oso lehor zegoen, eta haren amaierako zati guztia, adibidez, kranpoirik gabe egin genuen. Beldur ginen oso lehor egonagatik goitik harriak eroriko ote ziren, baina, pare bat une kenduta, horma oso babestuta dago. Zokaloa eta amaierako sekzio hori kenduta, bideak oso haitz ona dauka».

Lertxundiren esanetan, hiruko sokadan egiteko bide ona da, besteak beste, zeharkaldirik ia ez duelako: «Eskalada hiruren artean banatzeaz gain, giro ederra sortzen da. Eskaladarekin asko gozatu eta gure artean barre piloa egin genuen. Zokaloa eta goiko zatia ensanblean igo genituen. Petate txiki bat eraman genuenez, hormaren erdiko sekzioan, hau da, zailenean, sokaburuak bizkar-zakurik gabe eskalatu zuen. Gauza astunenak petatean sartuta, atzekoek motxila arinarekin eskalatu zuten; horrekin asmatu genuen. Zailtasun teknikoak dituen erdiko zati horretan bakoitzak hiru luze egin zituen».

Bestalde, ekainean bideari puntu gorria jarri ziotenez, hirukoteak era librean eskalatzeko hautua hartu zuen: «Ohartu gabe, 7b luzean (A3) gure bidetik irten eta ‘Little Big Men’-era sartu ginen; oso gertu dago. Kasualitatez, luze hori ere A3 da. Era askean igo genuen; 6c ingurukoa izango da. Tentatua egon ginen bertatik jarraitzeko, baina iltzerik gabe ez genuen egoki ikusi. Ondoren, gure bidera itzuli eta gainerako luzeak librean igo genituen. Hori bai, 7a graduko luzean hirurok ala hirurok erori ginen; gogorra iruditu zitzaigun».

“Groucho Marx” eskalatu eta hogei orduko jarduera luze hori egin eta gero, alpinistak dio oso gustura geratu zirela: «Ongi pasatzera joan ginen; hori zen geure helburua. Horri gehitu behar diozu aktibitate on bat dela eta gutxi errepikatzen den bide bat eskalatu genuela. 23:30ean autora sekulako gosearekin heldu ginen. Eta soilik sagar bat eta ogi zati bat genituen! Chamonixera jaitsi, tabernetan galdezka ibili eta garagardoa eta patata frijitu zorro bana lortu genituen. Gosez akabatzen sartu ginen lo-zakura».