Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

«Haur Besoetakoa», gazte eta helduei zuzendutako albuma

Ikastolen Elkarteak «Xabiroi» aldizkariaren bitartez hamaikagarren album ilustratua kaleratu du. Oraingoan HB pertsonaiaren abenturak berreskuratu ditu «Haur Besoetakoa. Paristik datorren artista» liburuan. Gazteei zuzendutakoa bada ere, helduek gozatzeko modukoa da.

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik “Haur Besoetakoa” komikien bigarren partea, “Paristik datorren artista”, kaleratu dute, eta HB protagonistari ez dizkiote ateak itxi aurrerantzean hirugarren ale batean agertzeko. Xabiroi aldizkariaren album ilustratu moduan argitaratua, 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako liburua da, baina helduentzat ere aproposa.

Ikastolen Elkarteak sustatutako “Xabiroi” aldizkariaren parte da argitalpen hau. Hamaikagarren albuma dute honakoa; aldizkariak, berriz, abenduan 50. alea kaleratuko du. Elkarteko zuzendariorde Nekane Artolak komikiaren aurkezpenean azaldu zuenez, Xabiroi 13.000 etxetara iristea lortu du.

Aldizkariaren koordinatzaile Dani Fanok gaineratu zuen egun aldizkari batentzat 50 ale izatera iristea «harrigarria» dela. Bestalde, “Haur Besoetakoa”-ren bigarren zatiarekin pozik agertu zen. Aipatu zuenez, gainerako album ilustratuak ale bakarrekoak izan dira eta hau da errepikatu duten bakarra. «‘The Godfather’ filmaren parodia bezala sortu zenak nortasun propioa garatu du», aipatu zuen Fanok. Helburua zen haurren ikuspuntutik helduen munduaren kritika egitea, baina gazteentzat arrotza ez den modu batean.

Era berean, Iturriagari eta Sanviri aurrerantzean ale gehiago atera nahi dituztela jakinarazi zien, eta egileek ere dakarten istorioaren amaieran ateak zabalik utzi dizkiete etor daitezkeen abenturei. Aurreko alean HB protagonista «kinka larrian» utzi zuten, ihesean. Iturriagak azaldu zuenez, egileak beraiek ere kinka larrian zeuden istorioarekin. «Ez ginen pertsonaia akabatzera ausartu. Pentsatu genuen merezi zuela bizirik mantentzea», aipatu zuen. Era berean, oraingoan ere «hor nonbait» utzi dutela aipatu zuen; «kasu honetan ez genuen akabatzeko gogorik. Imajinatzen dugu HBk bide luzea izan dezakeela».

«Goscinny +»

2007an argitaratu zen komikia irakurri beharrik ez dago bigarren zatia irakurtzeko, nahiz eta hasierak lehen aleari jarraitzen dion. Parisen dago HB eta handik itzuli eta bere mundua berregin behar du; behetik hasi eta gora iristea du helburu. HB haurren munduan buruzagia zen lehen; lortuko al du berriro garai bateko boterea?

12-18 urteko adin tarteari zuzendutako lana denez, arreta handiagoa jarri diete 18 urtekoei, haientzat interesgarria den zerbait egiteko ahaleginetan. Hala, 12 urteko batek uler dezakeen istorioa kontatzen badigute ere, heltzen diren heinean bat egiten duten geruza guztiak ulertzeko gai izango dira. Fanok Rene Goscinny-ren lanarekin konparatu zuen eta Iturriagari «Goscinny +» ezizena eman zion, haren ustetan, estilo berbera dutelako. «‘Asterix eta Obelix’ txikitan uler dezakezu, baina 20 urte pasatutakoan berrirakurtzen baduzu konturatzen zara politikaz eta beste gai batzuez ari dela», aipatu zuen Fanok.

Iturriagak konparazioa alde batera utziz, onartu zuen bere bizitzako erreferentziak txertatzea gustatzen zaiola, eta Sanviri horiek marrazteko eskatu ziola. «Nik komiki bat irakurtzen dudanean gustatzen zait halakoak aurkitzea, egileari buruz gauzak kontatzen dituelako», esan zuen. Era berean, komikian jorratzen diren gaiak modu arin batean ukitzen badira ere, hor daude, eta gaztetxoentzat zein helduentzat interesgarriak izan daitezke. Adibidez, errefuxiatuen gaia aurki dezakegu, edo Pokemon Go jokoari egiten zaion erreferentzia; politika ere oso presente dago.