Oinarri makalegia
Aste honetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hezkuntza akordioaren oinarriak onartu dira Gasteizko Parlamentuan, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin. Ez da gai txikia, hezkuntza lege berri baterako zutabeak izango baitira onartu berri diren horiek. Hezkuntza sisteman arazo ugari, mota askotakoak eta larriak pilatzen ari dira, eta hor gertatzen denak gizarte osoan du eragina. Hala ere, prozesuak oihartzun eskasa izan duela esango nuke.
Hezkuntza bizitzaren erdigunean dagoen zerbitzuetako bat bada; eskolaren inguruko kontuak ez lirateke hango eragileen eremura mugatu behar. Askotan gertatu bezala, hezkuntza soilik gurasoen, irakasleen eta sindikatuen kontua balitz bezala ikusten da. Kasu honetan, gainera, helburua hezkuntza eredu berri bat eraikitzea izanik, esango nuke gaiak ez duela eskolan bertan ere lur hartu, ez familien ez profesionalen artean ere, eta irizpide bat izateko informazioa behar da, analisiak, hausnarketak, diagnostikoa, neurriak... partekatzea.
Dirudienez, orain arteko prozesua zenbait eragile eta adituk bildu dituzten mahaietan jorratu da, aurretik jarritako gai batzuen inguruan. Analisi sakonak zarata gutxiko espazioa behar du, baina gauza bat da zarata gehiegi ez izatea eta beste bat, debatea foro batera mugatzea. Hezkuntza Sailak gardentasuna eta parte hartzea defendatu ditu, Irekia web orrian jasotako ekarpenak aipatuz, baina gizartearen gehiengo bat eztabaidatik oso urrun dago, eta ez da ahaleginik egin gaia zabaltzeko. Horri eskola publikoko familien desadostasuna eta ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuena gehituta, traba gehiegi dira eredu berri bat eraikitzeko.