Andoni ARABAOLAZA
BOULDERRA

Shawn Raboutouk Rocky Mountain-eko 8c+ bat egin du

Hogei urteko eskalatzaile estatubatuarrak «Creature from the black lagoon» blokearen bosgarren errepikapena sinatu du. Raboutouk onartu du korapilo hori askatzeko giltza baldintza egokiak izan direla.

Ameriketako Estatu Batuetan dagoen Rocky Mountain-en “Creature from the black lagoon” blokeak protagonismo berezia du. 8c+ zailtasuna du, eta honen inguruan gehitu behar dugu gradu horretan errepikapen gehien jaso dituena dela. Beraz, lasai asko aitor dezakegu 8c+ graduan erreferentea dela.

Duela bi urte, Daniel Woods izan zen korapilo hori askatu zuen lehena. Dave Graham izan zen lehen errepikapena egin zuena, eta haren lagunaren proposamena onartu zuen. Ondoren, James Webb, Daisuke Ichimiya eta Griffin Whitesiden igoerak iritsi ziren. Eta den-denak bat etorri ziren 8c+ dela esaterakoan. Eta hori boulderrean ez da batere ohikoa izaten.

“Creature from the black lagoon”-i dagokionez, esan behar dugu bosgarren errepikapena Shawn Raboutouren eskutik heldu dela. Batzuentzat agian errepikapen hori bitxia da, besteak beste, eskalatzaile estatubatuarra oso gaztea delako. 20 urte baino ez ditu.

Gaztea da, baina eskarmentu ederra du: Didier Raboutou eta Robin Ebersfield 90eko hamarraldiko eskalatzaile historikoen semeak blokean 8c eta kirol eskaladan 9a+ egin ditu.

Baldintza egokiak

Jarduera hau egin aurretik, eskalatzaile gazteak uda intentsua izan zuen Hegoafrikan. Gogor estutu ondoren, etxera uzta oparoa ekarri zuen. Besteak beste, Nalle Hukkataival-en “The finish line” blokea (8c, Rocklands).

Bada, badirudi Rocky Mountain-era oso sasoiko iritsi zela; izan ere, soilik lau eguneko saioak behar izan zituen “Creature from the black lagoon” poltsikoratzeko. Ekinaldi horien aurretik, duela pare bat urte beste bi egunetan “Creature from the black lagoon” probatu zuen. Beraz, irakurtzen den bezala, Raboutouk helburu hori oso-oso azkar biribiltzeko aukera izan du. Gainera, gehitu behar dugu bere lehenbiziko 8c+ dela.

Behin muturreko zailtasuna duen bloke hori egin eta gero, eskalatzaile gazteak adierazi du korapilo hori askatzeko giltza baldintzetan egon dela: «Lehenik eta behin aitortu behar dut ‘Creature from the black lagoon’-en bizi izan dudan prozesua oso dibertigarria izan dela. Zorte handia izan dut baldintzekin, eta haiei esker mugimendu guztiak lotu eta bloke hori sinatu ahal izan dut».

Aurreko eskalatzaileek adostutako graduari buruz, estatubatuarrak zera adierazi du: «Ez nago ziur 8c+ den ala ez. 8c izan liteke; hori ziurtatzeko behar adina eskarmenturik ez dut».