Haritz LARRAÑAGA
URRUÑA

«Hizkuntz ohiturak aldatzeko» prest dira Ipar Euskal Herrian

Martxoan Itsasun bildu zen lagun talde batek Ipar Euskal Herrian ere Euskaraldia antolatzen hasteko asmoa zuela iragarri zuenetik, urrats asko egin dira. Anitz izan dira Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko herrietan sortu diren taldeak, eta askotarikoak burutu dituzten ekimenak. Ipar Euskal Herriko Euskaraldiaren izaera zinez plurala da.

Ipar Euskal Herrian prest dira Euskaraldiari ekiteko. Hilabeteetako lanaren emaitzak datozen egunetan ikusiko dira, batzuetan taldeek antolatu dituzten ekimenetan eta beste batzuetan norbanakoen egunerokoan. Helburua, «bakoitzak dituen hizkuntz ohituretan eragitea da», azaldu zuen Jenofa Berhokoirigoin koordinatzaileak.

Talde anitz eta askotarikoak

Ipar Euskal Herrian udaberrian hasi zen loratzen Euskaraldia. Lapurdin herrietan taldeak osatu ziren, eta Nafarroa Beherean eta Zuberoan herri txikiak batu ziren taldeak osatzeko. Hots, Ipar Euskal Herria osatzen duten 158 herrietatik 64k hartuko dute parte egitasmoan.

«Herriz herri ibili ginen herri batzarrak antolatzen, baina espero ez genuen lekuetatik ere deitu ziguten», oroitu zuen Berhokoirigoinek. Eta adibide moduan, Xarnegu aipatzen zuen. Izan ere, «euskaldun eta gaskoien seme-alaba, mestizo» esan nahi duen eskualdeak, Biarnoarekin muga egiten du eta «halako eremuetako jendea motibatua dela ikustea, zinez pozgarria da».

Orain artean, gutxienez 5.000 lagunek eman dute izena Iparraldean Euskaraldian parte hartzeko, baina Berhokoirigoinen iritziz, «oraindik azken orduetan jende aunitz gehitu daiteke». Nafarroa Beherean 1.000 “ahobizi” eta “belarriprest” biltzeko kanpaina abiatu zuten eta jada mugarria gainditu dute.

Horrek esan nahi du, 300.000 biztanle eskas dituen Ipar Euskal Herrian, gutxienez biztanleriaren %1,6k parte hartuko duela Euskaraldian. Nafarroa Beherean, ostera, 29.000 biztanle dituenez, parte hartzea, gutxienez, %3,5ekoa izango da.

Irudimena eta aniztasuna

Ekimenei dagokienez, denetarik aurki daiteke. Belarriprest-entzako bertso saioa Hendaian, esperientzia pertsonalak biltzen dituen herritarren filma Azkainen, Makeako «hitz jokoen jokoa», Baionako Kabareta, eta beste hainbat ekimen.

Txapa eskuratzeko moduak ere anitzak izango dira. Herri batzorde batzuek antolatutako ekimenak baliatuko dituzte banaketa egiteko eta beste batzuek hitzordu edo leku zehatzak ezarri dituzte. Donibane Lohizunen, esaterako, Euskaraldian izena eman duten 106 ahobizi eta 31 belarriprestek, herriko etxean eskuratu ahal izango dituzte dagozkien bereizgarriak.