A. G.
NBA

Kerr entrenatzaile denetik, lehen aldiz galdu ditu Warriorsen lau partida segidan

Telebistako saskibaloi aditu izatetik Golden State Warriors taldeko entrenatzaile izatera pasa zen Steve Kerr 2014an. Lau urtean NBAko txapeldunari dagozkion hiru eraztun irabazi ditu eta txapeldunorde izan da beste behin. Eta sekula ez ditu lau partida jarraian galdu. Atzora arte.

Oklahomaren aurka eta etxean galdu zuten Oaklandekoek: 95-123, Dennis Schröder antolatzailearen 32 puntuei, eta Westbrook, Paul George edo Steven Adamsen lanari aurre egin ezinda. Alferrik Kevin Durant eta Klay Thompsonek 27na puntu sartu izana. Asko nabari dute kaliforniarrek Draymond Green eta Stephen Curryren falta.

Memphis, Mendebaldeko liderra

Memphis Grizzlies da «Mendebalde Basatiko» lider berria, 12-5 balantzea duela. Spurs talde eraberrituari 103-104 irabazi zion Tennesseeko taldeak, Marc Gasolek 0,7 segundoren faltan sartutako jaurtiketa libreei esker.

Ekialdean, berriz, Toronto Raptors da nagusi, 15-4 balantzea duela. Izerdirik ia botatzeke, 108-124 menperatu zuten kanadarrek Atlanta Hawks gaixoa.

Milwaukeek are garaipen harrigarriagoa lortu zuen Portlanden aurka: 143-100, Antetokounmpo greziarraren beste erakustaldi baten ostean: 33 puntu eta 16 errebote.

Honi buruzko guztia: NBA