GARA
KOPA

Tentsioa, zoramena, sailkapena

Athleticek 3-0koari buelta eman zion zortzi minutuan eta final-laurdenetarako txartela lortu zuen penaltietan.

BETIS 3

ATHLETIC 3


Athleticek Kopako final-laurdenak jokatuko ditu. Txartelaren prezioa, errusiar mendi batean egindako bidaia. 120 minutu luzetan zehar, zuri-gorriak etsialditik emoziora, emoziotik tentsiora eta tentsiotik zoramenera igaro ziren, 3-0ko emaitzari buelta eman ondoren penaltietan gainditu baitzuten Betisen aurkako kanporaketa.

Lorpenaren gakoak eraginkortasuna eta penaltien txandan Ainhoaren jarduna izan ziren; jokoari begira Betis talde zuri-gorria baino hobe aritu zen.

Lehen zatian, Ligako partidan gertatu zen bezala, etxekoak izan ziren nagusi. Betisen atera behin ere ez jaurti ondoren, Athleticentzat albiste onena atsedenera gol bakar baten desabantailarekin heltzea izan zen. Bigarren zatiak bide berberari jarraitu zion. Oraingoan, gainera, andaluziarrek punteria hobea izan zuten. Priscilak, hain zuzen ere, berak sartu baitzituen bere taldeko hiru golak.

Joko aldetik larregi hobetu ez bazuten ere, zuri-gorriek asmatzeko gaitasuna izan zuten behintzat. Partida galduta zegoela zirudien, baina zortzi minutuan buelta eman zioten markagailuari. Paula Pereak erdiraketa bat bultzatu zuen bere atera, bi minutu beranduago Nekanek asmatu zuen eta 71.ean Garazi Muruak Laura Gonzalezek egindako penaltia aprobetxatu zuen hirugarrena sartzeko.

Athletic berrindartuta, Betis goibel; partida eta luzapena agortu ziren markagailu mugiezinarekin. Penaltietan, Ainhoa bilakatu zen protagonista, hiru jaurtiketa geldituz.

Beste hainbat lekutan izan zen antzeko emozioa. Rayo ere penaltietan sailkatu zen, Sportingekin partida gorabeheratsuan berdindu ondoren (2-2). 4-4 amaitu zuten Granadillak eta Levantek –asteburuan granotek 0-6 irabazi zuten agertoki berberean– eta Valentziakoak sailkatu ziren penaltietan.

Sevillak, bere aldetik, EDF gainditu zuen (0-1) eta emaitza berarekin irabazi zion Madrilek Fundación Albaceteri (1-0). Bartzelonak Espanyolen kontrako derbia eskuratu zuen (2-0) eta Atleticok aise irabazi zion Malagari (4-2).

Honi buruzko guztia: KOPA