Xabier Izaga
Kazetaria
IKUSMIRA

Irakurri beharreko liburua

Hamabost urte dira Sara Fernandez Esparza iruindarra hil zela. Teknikoki, auto istripuz; benetako kausari dagokionez, elkartasunari ezarritako zigorraren ondorioz. Horregatik, Iruñeko Udalak atzo euskal presoen sakabanatzearen biktima gisa aitortu zuen.

Oraindik ere, ehunka, milaka, lagun edozein egunetan Sararen bizia trenkatu zuen istripua izateko arriskuan dira. Zaharrak berri, baina noraino daukagu ikaragarrikeria horren kontzientzia?

Jokin Urainen “Amaren etxea” liburua irakurri dut, «epika handi baten kronika». Gogorra eta samurra, momentu oro zirraragarria baina ez negartia; aitzitik, batzuetan, bere gordinean ere, umore puntua agertzen baitu. Aspaldi erakutsi zuen Urainek narratzaile bikaina dela; hala ere, ia 400 orrialdeko kronikaren egileak protagonistak berak dira. Eta bete-betean asmatu du Urainek ahots horiek beren horretan jasota. Berak euskal preso politikoen senideen kontakizunak antolatu, sailkatu eta atal guztien sarrerak egin ditu. Emaitza, esan bezala, gogorra, samurra... gordina.

Antzeko esperientziak kontatzen dituzte, urte luzeetako bidaia eta pasadizo etsigarriak, eta ezagunak gertatzen zaizkigu, baina beren ahotik eta zeinek bere erara kontatuta, umearen, aitonaren, neskatilaren hitzek barrenak aztoratuko dizkizute. Bizkor irakurriko duzu eta horregatik, hain zuzen, aldian-aldian irakurketa pausatu beharko duzu sakon arnasteko eta zeure buruari galdetzeko noraino garen kontziente senideren baten urruneko kartzelaldiak edo deserriak erabat baldintzatutako bizimodu horretaz.

Erosteko moduko liburua, arrazoi askorengatik, baina batez ere irakurri beharrekoa.