Ane URKIRI ANSOLA
Kazetaria
IKUSMIRA

Ahizpatasunak guztia gainditzen du

Sororitateak mugak gainditzen ditu». Argentinako aktibista feminista Victoria B. Bertonasco Vegaren esaldia bereganatu nahiko nuke. Eta, berak dioen bezala, mugen partez beste oztopo edo trabaren batek ere balio dezake.

Kontuak kontu, ariketa interesgarria da sororitate edo ahizpatasunaren jarrerarekin bat egitea. Urteak betetzea baino aberasgarriago dela ere ziurtatu daiteke. Napolin bete-betean topo egin eta azken astean sarea handitzen joan da. Mutriku, Bilbo, Gasteiz eta Buenos Airesen artean konexioak osatu dira. Oharkabean. Laguntasunean oinarrituta, ikasteko edo entzuteko prestutasunean jorratuta.

(In)justizia patriarkalaren lemapean abiatu ziren igandean Euskal Herriko hiriburuetan egin ziren manifestazioak, emakumeen aurkako biolentziaren eguna hitzordu izanik. Eta bertan izan ginen 10.000 lagun inguru –GARAren kontaketaren arabera–, horien artean, elkar indarturik, argentinar bat eta modu ezberdinean ezagutu zituen bi mutrikuar. Herrietako aurreiritzi edo harreman hotzak apurtuz. Eta, sinistu, ez dagoela garaipen hoberik.

Aurreiritziz josten gaituzte eta horiek albo batera utzita hitz egitean mundua esku zabalik ikusten dugu. Mugak hausteko indartu egin behar da gizakia –hala nola emakumea–. Sarea handitu, aberastu, konexioak sortu, han eta hemen. Eskua luzatu laguntzeko eta injustizia honi aurre egiteko. Gure erosotasunetik atera; lehenengo behatz bat, ondoren oina eta azkenik gorputz guztia. Kalean egon behar gara, hormak aldarrikapenez koloreztatu behar ditugu. Ezina ekinez egina delako.