Jon ORMAZABAL
PILOTA

Azkoitia, garapen baten erakusleiho

Antolatzaile eta pilotariak bat datoz jokoaren mailak nabarmen gora egin duelaazpimarratzean. Jarraitutasuna da hobekuntza horren gako nagusia.

Bidaia guztiak hasten omen dira lehen pauso batekin eta horixe izan zen, urteetan itzalean egondako eskuzko neska pilotariei lehiatzeko aukera ematea, Emakume Master Cup txapelketaren ekarpen nagusia. Hasieratik txapelketa irekia izan da eta aurtengoak marka guztiak hautsi ditu, lau eta erdiko lehiaketan 92 emakumek –80k promozio mailan eta 12k lehen mailan– hartu baitute parte.

Bihar Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko diren finalekin 165 izango dira lehiaketa honetako hamar egoitzetan jokatutako partidak, baina, hala ere, aipatutako txango hau ez da jauzi kuantitatibo huts bat izan, kualitatiboki ere hobekuntza nabarmena izan da jokatutako partida horien kalitatean. «Azken urtetik hona maila asko igo da», azaldu du txapelketaren antolatzaile den Iker Amarikak eta pilotalekuetara hurbildu diren pilotazaleek ere igarri dute pilota beste abiadura batean irteten zaiela eskuetatik pilotariei.

Olatz Arrizabalaga bizkaitarrak bi txapel jantzi ditu binakakoan Leire Etxanizekin batera eta gaur egungo nesken esku pilotaren erreferentzietako bat da eta berak ere igarri du hobekuntza azken urtean. «Nik uste dut baietz, eta ez nigan bakarrik, besteengan ere bai. Iaz agian ez neukan konfiantza jokaldi batzuk egiteko, eta ez naiz hasiko ez dakidana egiten. Aurten gehiago entrenatu naiz, egun batean gantxoa, hurrengoan pilota mozten. Eta igarri dut konfiantza ematen dizula partidan ere jokaldiak egiteko. Eta komeni da, zeren jo eta jo egoten bagara jendea aspertuko dugu. Ikusi da maila igo dela».

Biharko finalean Patri Espinar izango du aurkari eta Usansolokoa ere bat dator Arrizabalagarekin. «Badago eboluzio bat, eta hasi baino ez da egin. Gehiago entrenatzen gara eta jokoa hobetzen doa. Hasieran dena botera jokatzen genuen, orain gutxi batzuk sartzen gara airezko jokoa egitera. Zenbat eta gehiago entrenatu, zenbat eta gehiago ibili frontoian, garapen hori handiagoa izango da».

Entrenamenduak ugaritu dituzte bai, baina txapelketek ere loraldi izugarri izan dute, gaur egun ez dago urtean zehar eten handirik eta hortxe dago garapenaren beste kakoetako bat.

Momentuz, pilota goxoarekin

Garapen honek antolatzaileei ere eragiten die. Alde batetik, hurrengo txapelketarako aldaketak izango dira lehiaketa sisteman, orain arteko ligaxkak alboratu eta kanporaketa zuzenak lehenetsiko baitituzte.

Itxi gabeko eztabaida materialarena da. Gaur egun beharrezkoa den abiadura hori lortzeko pilota biziagoak behar dira, baina oraindik ez dute izan bizitasun hori lortzerik eskuak mindu gabe. Txapelketan parte hartu duten pilotariei inkesta bat pasa zitzaien izen ematearekin batera eta 81ek goxoaren alde egin zuten eta hamarrek bakarrik nahiago dute mistoarekin aritu. Amarikak dio ez dutela «mistoarekin jokatzea baztertzen, baina horrek prozesu bat behar du eta ikusiko da garapena. Argi daukagu, eskaria handia bada, bi maila egin daitezke, materialaren arabera, txapelketak guztiz irekia izaten jarraituko du».