Nagore BELASTEGI
53. DURANGOKO AZOKA

EUSKAL KULTURAKO ERAGILEAK AURREZ AURRE EZAGUTZEKO AUKERA

AURTENGOA AZKEN URTEETAKO EDIZIORIK JENDETSUENA IZATEN ARI DEN SENTSAZIOA DA NAGUSI DURANGOKO AZOKAN. JENDETZA DABIL BAI LANDAKON BERTAN BAI INGURUKO TXOKOETAN, AZOKAREN ESKAINTZA KULTURALARI ERANTZUNEZ. KONTZERTUETARA SARTZEKO ILARAK EGON ZIREN ATZO, BAITA ZENBAIT SOLASALDI ENTZUTEKO ERE.

«Ilara dago», izan zen atzo Durangoko Azokan gehien entzun nuen esaldia. Ilara zegoen Ahotseneko kontzertuetara sartzeko, ilara zegoen hainbat liburu erosteko, ilara zegoen musikariek diskoa sinatzeko, ilara zegoen solasaldietara sartzeko... eta, bai, komun eta tabernetan ere ilarak zeuden.

Goizean goiz jendetza zen nagusi Ahotsenea kanpoan. Alex Sarduiren kantak entzuten ziren kalean, eta bertan pilatzen ziren hamarnaka pertsonak horrekin konformatu behar izan zuten, sartzea ezinezkoa zelako. «Gatibu ikustera etorri gara, baina jada hurrengo kontzertura geratuko gara. Badakizu nork jotzen duen?», galdetu zuen gizon batek. Nogen taldea zen hurrengoa, eta ondoren Txapelpunk. Azken hori ikusi nahi zutenak ere ilaran zeuden jada. Atzoko eguna lasaitasunez hartzekoa zen. Izan ere, orokorrean oso jendetsua izaten ari bada aurtengo edizioa, atzoko eguna bereziki jendetsua izan zen, asteburua, jaieguna eta eguraldi aparta lagun.

Durangoko Azoka euskal kulturaren plaza dela baliatuz, aurkezpen ugari egiten dira bertan. Horien artean Bertsozale Elkarteak egindako azterketa soziologikoa aurkeztu zuten atzokoan. Horren harira, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi izan ziren hizlari. Elortzak esan zuen elkartea bera sozializaziorako gune bat dela, «eztabaidatzeko, adosteko eta gauzatzeko» balio duena. Era berean, Lujanbiok gaineratu zuen bertsolaritza «gizarte mugimendu» bat bezala ulertuz, aletxo bat jar dezakeela zentzu artistikotik harago.

Gaztelumendik, bere aldetik, aipatu zuen Bertsozale Elkartearen azken azterketa 2006koa zela eta orduko hartan ez zuela parte hartzeko aukerarik izan, baina, orain, 12 urte geroago, ulertu dutela datorren hamarkadan gailenduko den belaunaldiari begiratzeko unea dela. Horren erakusle, egin dituzten bileretan, parte hartu dutenen erdiak bera baino gazteagoak izan dira, eta horrek erakusten du «gazteak egon badaudela», baina, agian, helduek ulertzen ez dituzten lekuetan eta egun sortzen ari diren klabeetan.

Joera berriak

Landako barruan leku batetik bestera joatea ez zen batere erraza, alde batetik, jendetza zebilelako, eta, bestetik, tarteka sinaduren zain zeuden erosleen multzoak sortzen zirelako. Berri Txarrak taldeko abeslari Gorka Urbizu gelditu gabe diskoak sinatzen ari zen. Errotulagailuaren tinta oraindik hezea zuen diskoa poltsan gorde eta aitari honakoa esan zion neskatxa batek: «Orain, Egurra Ta Kitto!». Aitak azpeitiarrek sinatutako diskoa badutela esan eta Orduan Esne Beltza hautatu zuen neskatxak, hori bai, stand horretan ez zegoen musikaririk eta interesa galdu zuen...

Aurrerago, zurrunbilo ikaragarria zegoen. Aiora Renteriaren ile urdina ageri zen berari begira zituen burutxoen artean. Jator eta irribarretsu ari zen bere sinadura Zea Maysen lan berrian etengabe jartzen. Eta pixka bat aurrerago, “zeamaystarren” multzoarekin ia bat eginda, “gatibutarrak” zeuden. Ahotseneko kontzertua amaitu eta segituan abiatu ziren izkina egiten duen euren txokora. Posizio horrek espazio pixka bat gehiago ematen die, standean diskoak saldu eta alboan sinatu eta argazkiak ateratzeko.

Liburuak saltzen dituzten postuetan ere nabari zen jendetza. Nabarralderen standean Adur Larrea marrazkilaria zegoen, “Maria Zugarramurdikoa” komikian sinaduren ordez marrazkiak egiten, eta lan bera zuen Dani Fanok ere Astiberriko postuan “Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak” lanarekin. GARAko txokoan Jokin Urain eta Mertxe Aizpurua zeuden, eta Txalaparta argitaletxearenean Joseba Asiron eta Aitor Agirrezabal. “Entzun!”-en standen Paul Urkijo “Errementari” filmeko zuzendaria zegoen, Goya sarietarako 22 izendapen jaso berri.

Leihotikan taldearen biniloa erosi berri zuen bisitari batek kontatu zigun formatu horren zalea dela eta orain modan jarri dela aprobetxatu egin behar zuela. Lisabören biniloa ere bazeraman poltsan. Egia esan, diskoetxeek formula berriak bilatu behar izan dituzte formatu digitala gailentzen den aroan. Disko kutxen barruan kantak MP3 formatuan biltzen dituzten USB giltzak saltzen dituzten taldeak ikusi ditugun bezala, CD arrunten alboan bilduma zaleentzat apartak diren biniloak ere ikusi ditugu.

Haurrei balioak irakatsiz

Bisitarien arreta deitu zuen beste ekitaldi bat “Baloreak” proiektuaren aurkezpena izan zen. Ahotseneko solasaldietarako aretoan egin zuten eta aurreko hitzaldia amaitu aurretik, jada jende piloa zegoen kanpoan zain. Taldea osatzen duten Iratxe Reparaz, Joseba Razkin, Pello Reparaz eta bost haurrek ere ezin zuten barrura sartu. Pello Reparazek hitza hartu eta jendeari eskatu zion argazkiak atera edo diskoak sinatzean nahi bazuten, proiektuaren berri izan nahi zutenei lekua uzteko, ondoren geldituko zirela jarraitzaileei kasu egiten. Gaztetxo pila bat atera ziren orduan. Ondoren, hitza bete eta ia ordubete gelditu zen jarraitzaileekin argazkiak ateratzen abeslaria.

Solasaldian Luna, Asier, Iradi, Netsanet eta Kaiet aurkeztu zituen, Baloreak proiektuko benetako protagonistak. Reparaz bera eta Razkin musikariak izateaz gain irakasleak ere badirenez, bi arloak uztartu nahi izan dituzte. Hala, casting bat egin zuten bost haurrak hautatzeko. Txikien lana izan da beste tokietako umeekin hitz egin eta proposatutako balioei buruz gogoeta egitea. Kantak bildutako materialarekin osatu dituzte.

«Gurasoek zapatilak lotzeko esaten dizute, baina ez diezu kasurik egiten. Lagun batek esaten dizu, eta kasu egiten diozu», esan zuen Razkinek Baloreak zertan datzan laburtuz. Iratxe Reparazen lana proiektuari irudi koherente bat ematea izan da, diskoaren azaletik hasiz, non parte hartzaileen aniztasuna islatzen den.