A. G.
NBA

Toronto eta Denver, liderrak ere galtzaile

NBAko liderren garaipenak azaldu ohi dira eskuarki kroniketan, baina azken jardunaldian Ekialdeko buruzagitzan diren Toronto Raptors eta Mendebaldeko aurrenekoak, Denver Nuggets, biak ala biak galtzaile atera ziren.

Kanadakoek Brooklynen etxean partida irabazteko bi aukera izan zituzten, baina Kahwi Leonardek ezin izan zuen 98nako berdinketa hautsi, eta, Netsek luzapenean 106-105 aurrea hartu zuenean, nola hala eusten asmatu zuten. Milwaukee, Ekialdeko bigarrena alegia, ez zen nahi bezain ongi aritu ordea, eta Golden State Warriors txapeldunen aurka 95-105 galdu zutenez, Raptorsek seguru xamar eusten dio Ekialdeko Konferentziako lidergoari.

Denver Nuggets, berriz, Charlotten etxera zazpi garaipen jarraian pilatuta iritsi zen. Alabaina, hornet hitzak alperrik ez du “liztorra” esan nahi. Taldeko presidente Michael Jordan Charlotteko jokalari ordezkoen alboan eserita zela, Charlottek eztena sartu zion Coloradoko taldeari eta 113-107 gailendu zen.

Lauri Markkinen

Egun, Chicago Bulls NBAko talderik ahulenetakoa da. Ekialdeko Konferentziako hamahirugarrena, 6-20 balantze tristearekin.

Behingoagatik, ordea, etxeko zaleak pozik laga zituen. Oklahoma City Thunder handia 114-112 gainditu zuen Lauri Markkinenen 24 puntuei esker. Ez hori bakarrik, bost segundoren faltan garaipenerako saskiratzea erdietsi baitzuen finlandiarrak, nahiz eta minutu batzuek lehenago ukalondoan min hartu. Paul Georgek hiruko batekin erantzun nahi izan zion, baina kale egin zuen.

Honi buruzko guztia: NBA