Banpiroen istorio poliziakoa
Aitor Arana dugu euskal haur eta gazte literaturako idazle emankorrenetako bat, haren bibliografian fantasia, umorea, beldurra edo misterioa, besteak beste, aurki ditzakegu idatzitako obra oparoan. Oraingo honetan, eta liburuaren izenburuan bertan ikus daitekeen bezala, banpiroei buruzko istorioa dakarkigu idazle legazpiarrak. Baina ez da banpiroen istorio hutsa oraingo hau; hasieratik, ospitale batean ezkutuan dagoen zaintzaile baten idazkietatik, ikusi ahal izango dugu nobela honek baduela misterio eta intriga puntu bat. Gertakariek aurrera egin ahala ikusiko dugu banpiroak harrapatzeko asmo ezkutua dagoela; baina ideia hori eguneroko errealitateak eta ekintzek baztertu egiten omen dutela.
Ospitale psikiatriko batean abiatzen da istorioa; bertan oroimena galdu duen neska bat dago; lepoan ziztada batzuk ditu eta amets oso arraroak. Pixkanaka neska horrek gogoratuko du Joana dela, polizia, eta hil egin zutela, nahiz eta bera bizirik egon. Eta hortik aurrera, pertsonaia ezberdinak aurkituko ditugu nobela bizi honetan: banpiroen nagusi krudela; Joana zaintzen duen Mikel izeneko gizaki berezia; Anna inspektorea, Joanaren bila ari dena... Gertakariek, gainera, oso azkar egiten dute aurrera irakurlearen jakin-mina eta misterioaren korapiloa askatzeko gogoa areagotuz.
Kapitulu laburrek, elkarrizketa ugariek eta mezu laburren trukaketek lagundu egiten dute testuaren arintasunean, baina horien ondoan badira banpiroen istorioan sarrarazten gaituzten deskribapen ugari eta laburrak ere: «Semlinetik hiru legoa-laurden harantzago, paisaia tupustean hasten da itxuraldatzen. Han ez da ohiko landarerik ez zuhaitzik ikusten. Artadiak suntsitu egin dira. Lur emankorrak leku hartatik aurrera kolore ilun hila dauka, gainera errauts-euria jausi balitzaio bezala. Bitartean, zeruaren urdina gris bilakatzen da eta sare moduko lainoak eguzkia gordetzen du. Daitekeena da zuek –hara joanez gero– hankak ahul sentitzea, burua hutsik, eta bularra pisuren batek estuturik», eta arestian aipatu bezala, email trukaketak, mezu laburrak ere ageri dira arintasun eta gaurkotasun puntua emanez: «Jauna, bost animaliaren berri eman dit jadanik Selenak. Seigarrena baino ez da falta. / Ondo. Gauzak bikain doaz. Oraindik ez da atera eguzkia? Selena benetan nola dagoen jakitea komeni zaigu. / Eguzkirik ez dugu oraindik izan. Euria, nahi adina. Laster arte, jauna».
Aitor Aranak nobela entretenigarria idatzi du, generoa maite dutenentzat egokia eta fantasia eta banpiroen mundura hurbildu nahi duten irakurle berrientzat aproposa. Genero honetako ohiko topikoak ageri dira eta, gainera, horietako batzuez barre egiten da: «-Zer ekarri duzu hor, inspektore andrea? –galdetu zion Valatek, isekaz, begiak berriro poliki-poliki gorritzen zitzaizkiola–. Zilarrezko balaz kargatutako pistola? Eta ez duzu ur bedeinkaturik ekarri? Gustura hartuko nuke oraintxe trago bat!». Baina barre egiten den bezala, irakurleak aurkituko ditu kapituluetan zehar amaierako konponbidearen pistak: zaintzailearen izena, X jaunarekin izaniko mezu trukaketak,…
“Banpiroen hiria” erraz eta gustura irakurtzen den lana dugu; fantasiaz ari dena, baina eguneroko errealitatea kritikatzeko ere balio duena, edo eguneroko bizitzaz gogoeta egitera bultzatzen gaituena: «Eta nik, berriro diot, arrazoi duela ulertu dut. Mundua gaizki dago, gero eta okerrago, eta aldaketa handi baten beharra dauka». Valatek, banpiroen Aitalehenak, proposaturiko aldaketa horrek, baina, diktaduraren antz handia dauka eta, itxuraz, Joana ideia horien atzaparretan erortzear da; gure eguneroko bizitzan asko eror daitezkeen bezala. Balioko al du liburu honek gure gazteek gogoeta hori izan dezaten!