Dardara
Bizkaiko bertsolari finala, laugarrenez segidan, parekidea izango da gaur. Datua esanguratsua eta, batez ere, datua; zenbakietan zorrotz neurtu daitekeena. Horregatik aipatuko da han eta hemen.
Zailagoa da esplikatzen, ez delako zenbakietan kabitzen, azken urteotan bertso oholtzan gertatzen ari den dardara. Egia osoa esaten hasita, lurrikara oholtzatik behera ari da gertatzen, era kolektiboan eta banakakoan emakume bertsolariak gogoeta betean daudelako, lokaztutako lurra iraultzen ari direlako, oholtzan egon nahi duten moduaz sakon hausnartzen ari direlako... Lurrikara horrek ekarri du dardara oholtzara eta zoragarria izaten ari da.
Bistan geratzen ari da zein behar zegoen lurrari buelta emateko, gai bakoitzari punta propioa ateratzeko, kontatu ez diren egoerak kontatzeko, ezkutatu diren gorputzak agertzeko... Duela bi urteko txapelketan Miren Amurizak adineko emakume baten gorputz biluzia ekarri zuen oholtza gainera. Aurten, emakume nerabe baten sexualitatea ekarri du, zuzen eta sinesgarri.
Amuriza entzun eta bere gorputzarekin adiskidetu den adineko emakume hori imajinatu dut, pozikago. Eta sexualitatea deskubritzen ari den nerabearen irribarrea imajinatu dut, aske eta jakin minez.
Bertso batek oholtzan dardara sortzen duenean, begira eta entzuten ari den bertsozale bakoitzaren aulkia ere mugitu egiten da. Eta behin mugituta, batzuetan zaila izaten da lehengo toki berera bueltatzea. Batzuetan bertso bat barruan pausatu eta aldean eraman beharra dago.
Oholtzan dabiltzan emakumeak erreferente ederra dira, eta ez bakarrik atzetik datozenentzat.