Asier AIESTARAN
PILOTA

Debutariei begira Promoziokoan

Beñat Garmendiak Peio Etxeberriarekin jokatuko du eta Oier Etxebarriak AitorElordirekin. Jon Alberdi eta Pedro Ruizentzat ere lehen txapelketa izango da.

Aspek eta Asegarcek atzo aurkeztu zuten Binakako Promozio Txapelketaren edizio berri bat. Iazko egiturari jarraipena emango diote eta zortzi bikotek hartuko dute parte. Lehen ligaxkan denek denen aurka jokatuko dute itzuli bakarrera eta lau onenek finalerdietako ligaxka jokatzeko sailkapena lortuko dute. Gero, bigarren fase horretako bi onenek finalerako txartela eskuratuko dute. Eta finala, printzipioz, martxoaren 31ko astebururako dago aurreikusia.

Asegarcek iaz txapela irabazi zuen bikotea, Agirre-Iturriaga, ez errepikatzea erabaki du. Are gehiago, atzelaria ez dute lehiaketan sartu. Asier Agirrek Salaverri errioxarra izango du atzelari eta beste hiru bikoteak hauexek dira: Bakaikoa-Urretabizkaia II, Alberdi-Erasun eta Peña II-Aranguren. Alberdi eta Arangurenen debuta izango da mota honetako txapelketa batean, eta adi Joanes Bakaikoarekin, Promozioko Lau eta Erdikoa eta Buruz Burukoa irabazi ostean, segidako hirugarren txapela jantzi dezakeelako.

Asperi dagokionez, begirada guztiak oraindik debuta egin ez duten bi atzelariengan jarrita egon ziren: Beñat Garmendia beasaindarra eta Oier Etxebarria igorreztarra. Garmendiak Peio Etxeberriarekin jokatuko du, eta Oier Etxebarriak Aitor Elordirekin (bizkaitarrak biak). Beste bi bikoak Dario-Pedro Ruiz errioxarrena eta Ugalde-Tolosa gipuzkoarrena izango dira.

Txapelketa urtarrilaren 4an hasiko da Bergaran Bakaikoa-Urretabizkaia eta Alberdi-Erasun bikoteen arteko demarekin. Eta jardunaldi horretako beste hiru partidak ere jada zehaztuta daude: Ugalde-Tolosa eta Peio Etxeberria-Garmendia, 5ean, Tolosan; egun berean, Agirre-Salaverri eta Peña II-Erasun Iruñean; Dario-Ruiz eta Elordi-Oier Etxebarria, 6an, Eibarren.

Eta beste jardunaldi batzuetako kokalekuak ere aurreratu zituzten: Elordi-O. Etxebarria eta P. Etxeberria-Garmendia urtarrilaren 11n, Lemoan; Agirre-Salaverri eta Alberdi-Erasun egun berean Getarian; Elordi-O. Etxebarria eta Ugalde-Tolosa, 16an, Mungian; Elordi-O. Etxebarria eta Alberdi-Erasun, 26an, Gautegiz-Arteagan; Agirre-Salaverri eta P. Etxeberria-Garmendia egun berean Markinan; Ugalde-Tolosa eta Alberdi-Erasun, otsailaren 8an, Azpeitian; Elordi-O. Etxebarria eta Peña II-Aranguren, otsailaren 16an, Igorren.

 

Sailkapen buruko berdinketa apurtzera

Promozioko Binakakoaren aurkezpenaren ondoren egin zuten Bizkaia pilotalekuan bertan material aukeraketa Olaizola II-Albisu eta Elezkano II-Rezusta bikoteek igandean jokatuko duten partidara begira. Bosgarren jardunaldiko neurketa interesgarriena izango da, biak sailkapenaren buruan berdinduta baitaude hiru garaipenekin. Hala ere, protagonistek garrantzia kendu nahi izan zioten elkarren aurkako norgehiagokari, ligaxka oso luzea dela errepikatuz, eta presioa auzoan ipintzeko baliatu zuten aukera. «Horrelako bikote bati irabazteko dena ongi egin behar da. Aimar eta Jon Ander faboritoen artean daude, faboritoenak ez badira, eta eurei aurre egitea oso zaila izango da», bota zuen Danel Elezkanok Aspekoen aldetik. «Bikote hau faborito argietako bat da, esan nuen aurkezpen egunean. Iaz finalera sartuz erakutsi zuten. Beñat dagoen bakoitzean partida zaila izaten da, eta Danel ere oso ongi dabil, oso ongi ari da jokatzen», esan zuen Aimar Olaizolak Asegarcekoen partetik. Hori bai, bidea desberdina egin dute: Aspekoek aurreneko partida galdu zuten eta gero hiru irabazi; Asegarcekoek hiru lehenak irabazi eta azkena galdu. Igandean hautsiko da berdinketa.A.A.