Deliveroo eta Asoriders
Deliveroo jatetxeetako janaria gauden lekura ekartzeko multinazionala da. Jatetxeak, bezeroak eta banatzaileak saretzen ditu. 5 urte besterik ez ditu baina hamaika greba, protesta eta salaketa ditu gainean. Baita aurkako sententzia bat ere, 2017an Estatu espainoleko epaitegi batean emana.
Riders edo banatzaileak, euren bizikleta propioan eta bizkarrean «motxila-kubo» handi bat hartuta aritzen dira lanean. Deliverook erabakitzen du euren asteko lanorduen plangintza. Deliverook hitz egiten du jatetxeekin, eta prezioak adostu. Deliverook ezartzen ditu bezeroen erabilpen baldintzak. Deliveroo-rena da enpresa egitura osoa (webgunea eta app-a). Hortaz, banatzaileek banatu besterik ez dute egiten. Are, banatzaileek banatu besterik ezin dute egin. Baina Deliveroo-rentzat autonomo gisa egiten dute lan. Horregatik deitzen zaie «autonomo faltsu».
Hor kokatzen da Deliveroo eta gisako multinazionalei lotuta dagoen bataila juridikoa: banatzaileekin duten harremana ez dela merkataritzakoa, lan harremana baizik. Iazko udan jaso zuen Deliverook autonomo faltsuen gaineko lehen sententzia. Deliveroo eta banatzaileen artean lan harremana dagoela frogatutzat jo eta kontratua eten zion banatzailea berriz onartzera behartu zuen. Estatu espainoleko administrazio ezberdinek ere, Laneko Ikuskaritzatik, Deliverook ordaindu ez dituen langileen kotizazioak eskatu dizkiote.
Eta bataila juridiko horretan, astelehenean hasi behar zuen beste epaiketa batek, Madrilen. 500 banatzaile inguruk euren lekukotasuna eman behar zuten. Baina maiatzaren 31ra atzeratu da. Deliveroo-ren abokatuek denbora eskatu dute, banatzaileek beste enpresa batzuentzat ere lan egiten dutela ziurtatuko duten frogak lortzeko. Abokatuek Asoriders elkartearen babesa ere izan zuten. Banatzaile batzuek osatzen dute, eta Deliveroo-rekin Interes Profesionaleko Hitzarmena sinatu dute. Zenbait abantaila eskaintzen dizkie (istripuen aseguruen aurrean, esaterako). Baina Deliveroo-ren helburua argia da: autonomo gisa mantentzea.
Deliveroo-ri merkataritza harremanak komeni zaizkio, ez lan harremanak. Multinazionalaren efizientzia banatzaileen prekaritatean oinarritzen baita.