Maider IANTZI
ESNE SEKTOREA IKUSPUNTU EZBERDINETATIK

ALARMA USTIATEGIAK GUTXITU DIRELAKO, BAINA ITXAROPENA ETORKIZUNERAKO

ENBAK ESNEAREN SEKTOREAREN KATEBEGI GUZTIAK BILDU DITU HERNANIKO JARDUNALDIAN: ABELTZAINAK, KOOPERATIBAK, INDUSTRIA, BANATZAILEAK, BAITA KONTSUMITZAILEAK ERE. USTIATEGIAK GUTXITZEN ARI DIRA ETA EZ DIRUDI BEHERAKADA GELDITUKO DENIK, BAINA PRODUKTIBITATEA ETA KALITATEA HANDIAK DIRA ETA BADA OINARRIA GERORAKO.

«Aritz Eizagirre naiz, zumaiarra. 20 urte ditut eta abeltzaina naiz. Duela 50-55 urte erosi zuten baserria aitona-amonek eta ordutik ditugu esne behiak. Urteekin kopurua handitzen eta instalazioak modernizatzen joan gara. Zumaia gain-gainean gaude eta terreno onak ditugu, kalitatezkoak. 80 bat buru ditugu. Osaba arduratzen zen esne behiez eta orain ni sartu naiz bere postuan. Kaikuri saltzen diogu, bazkide garelako».

Baserrian lan egin nahi zuela jakinarazi zuenean «erotzat» hartu zuten, baina berak argi du: «Gustatzen zait eta honetan segitu nahi dut». DBH bukatu eta Mekaniko titulua atera zuen Elgoibarren. Aitarekin fabrikan lanean ibili zen. «Oso soldata ona nuen, baina ez da hori bakarrik; baserrian beste zerbait sentitzen dut. Esne sektorea dena da niretzat». Beraren ustez, abeltzain lana ez dago ongi baloratua eta laguntzak hagitz inportanteak dira.

Ainhoa Labaka 27 urteko zizurkildarra ere gustura bizi da baserrian. «Duela bi urte eta erdi anaia eta biok aitarekin sozio hasi ginen. 280 buru ditugu, denak etxean, eta 120 inguru jezten ditugu. Beste bi langile ditugu laguntzeko. Lanak banatuta ditugu eta ni behi eta txekorrez arduratzen naiz». Bere eguna goizeko seiak laurden gutxitan hasten da ukuiluan. Behiak jetzi eta semearengana joaten da eta berarekin egiten ditu gero sortzen diren lanak.

Txikitatik ezagutu du mundu hau eta beti gustatu izan zaio. Lau urte pasa eman zituen kanpoan lanean, baina egun osoa etxetik at ematen zuen, soldata baxua irabazten zuen eta, azkenean, baserriaren alde apustu egin zuen. Ukuiluko instalazioak berritzen ari dira orain. «Eguneroko lana ikusita, penagarria da esnearen prezioa hain baxua izatea. Laguntzengatik ez balitz ez genuke aurrera egiterik».

Iñigo Lauzirika 24 urteko aramaioarra Behi-Alde kooperatiban ari da lanean. «17 bazkide eta bi langile gazte gara. 530 behi ditugu, eta 1.050 buru. Kaikuri saltzen diogu». Fraisoron ikasi zuen eta Behi-Aldek lanerako aukera eman zion. Hasieratik bazkide bezala tratatu zuten, zekiten guztia irakatsi zioten, eta gero sozio egin zuten. Pozarren dago Lauzirika eta etorkizunean ere animaliekin irudikatzen du bere burua. Testigantza eman duten hiru abeltzainek Gazteneten laguntza jaso dute.

Euskal Nekazarien Batasunak (ENBA) antolatutako jardunaldietan esne katea osatzen duten katebegi guztiak elkartu dira: abeltzainak, kooperatibak, industria, banatzaileak eta kontsumitzaileak. Eta Hernaniko Orona-Ideoko auditoriuma bete duten lagunek gustura aditu dituzte gazteak, itxaropen mezu bat transmititzen dutelako.

«Nola baloratzen duzue sektoreak jasaten duen presioa edo erasoa ingurumenaren arlotik edo animalisten aldetik?», galdetu die Xabier Iraola ENBAko koordinatzaileak, eta segituan erantzun dute gazteek: «Umiliatu egiten gaituzte. Estu gaude ekonomikoki eta egurra ematen digute. Hori tristea da», erran du Eizagirrek. Labakak ere ez du ulertzen: «Min ematen dit. Ez goaz naturaren kontra. Txekor direnetik behi diren arte oso ondo tratatzen ditugu, baina gaizki tratatzen ditugula esaten dute. Etortzea eta nola zainduta dauden ikustea nahiko nuke».

Ingurukoen babesa izan dute hirurek eta zerotik hastea zail ikusten dute. «Gustatu egin behar zaizu: diru gutxi eta lan asko da», baieztatu du Lauzirikak.

Zuzeneko kontsumoa, %20

Esne sektorea ikuspegi ezberdinetatik aztertu dute jardunaldian. Esne likido osoaren erabilerari erreparatu dio, adibidez, Carlos Buxade Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Animalia Ekoizpeneko katedradunak. Europar Batasunean, %40 gazta egiteko baliatzen da, %29 gurinerako eta %11 esne-gainerako. %20 soilik bideratzen da zuzeneko kontsumora. Aurten 168 milioi tona inguru ekoitzi dira. Horietatik 18 milioi baino gehiago esportatu egin dira.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokienez, ustiategi kopurua jaisten ari da. 2000. urtean 2.450 zeuden eta, aurten, 588. Bertako behiak hagitz produktiboak direla nabarmendu du Buxadek, eta abeltzainak onak (behi bakoitzeko 8.450 k). Indargune gisa aipatu ditu kooperatibetan antolatzea, egitura potente bati saltzea, kalitate genetiko handia eta esnearen kalitate handia. Aldiz, ahulgune bezala identifikatu du langileen adin altua eta belaunaldi aldaketa gutxi gertatzea; lurralde mugatua eta behi karga handia izatea eta, beraz, hazteko mugak izatea; eta erosle gutxi izatea.

Lursail elkarteko Imanol Arrietak esne kuotak ezabatu zirenetik ekoizleen errentagarritasunak izan duen bilakaera azaldu du. Esne ustiategiak izugarri gutxitzen ari direla-eta alarma piztua dago eta ez dirudi beherakada geldituko denik. Lursailek egindako ikerketatik ondorioztatu dute, Buxadek azpimarratu bezala, eraginkortasuna eta produktibitatea altuak direla, baina errentagarritasun ekonomikoa mugatua dela eta horrek hauskor eta zaurgarri egiten dituela.

Yolanda Trillo galiziar albaitaria abeltzainen aholkularia da (lideresenbienestar.com plataformaren arduraduna da) eta lantaldearen garrantziaz mintzatu zaie Hernanin bildutakoei, pentsarazi dieten galderak pausatuz. Baieztapenak ere bai. Adibidez: pertsonen ongizateak ekarriko du animalien ongizatea. Eta lider bat izendatu behar da, nahiz eta familia negozioa izan. Liderra barrukoa edo kanpokoa izan daiteke.

Joera berriak

Kontsumora pasatuz, Kaiku korporazioko Xabier Aristik joera berriak aipatu ditu: Jogurtetan oinarrizko osoak gora doaz eta naturalera bueltan dator kontsumitzailea. Laktosarik gabeko produktuak, proteinak eta kefirra ere eskatzen ditu. Digestio ona, landareen mundua, azukrea etsai nagusi gisa, snack-ak, egiazkotasuna, koipe ona eta jasangarritasuna dira joerak. «Kontsumitzailea informatua dago, ez da konformatzen, aldakorra da, osasungarri jan nahi du eta probatzea maite du». Inguruan, «ziurgabetasuna» da nagusi eta zalantzan jartzen dira esne sektorearen onurak, baina «esnekiek etorkizuna dute».

Hainbat mito hankaz gora bota ditu Bittor Rodriguez EHUko nutrizionistak. Helduaroan esnea edaten dugun ugaztun bakarrak garela dioena gustatzen zaio gehien. «Egia da –dio–. Baina on egiten digu».