A.G.
NBA

Toronto Raptors eta San Antonio Spurs, egindako jokalari aldaketengatik pozik

Ekialdeko Konferentzian ez dago Mendebaldean adinako berdintasunik. Toronto, Milwaukee eta Indiana daude buruan, eta handik behera aldeak asko zabaltzen dira. Hala ere, liderrek ere sarritxotan izerdi franko bota behar izaten dute irabazteko, Toronto Raptorsek Miami Heaten aurka, esaterako.

Kanadako taldeak 104-106 irabazi zion Floridakoari, Kawhi Leonarden 30 puntuei esker, batez ere. San Antonio Spurseko jokalari ohia liderra izan bazen ere, berarekin Texasen taldekide izan zen Danny Green izan zen heroia, 22 segundoren faltan garaipena erdiesteko hirukoa berak lortu baitzuen.

DeRozan ere ederki

Toronto pozik badabil DeRozan eta abarren ordez Green eta Leonard ekarrita, behingoagatik, baita San Antonio ere. Gregg Popovichen mutilek 111-103 irabazi zioten Denver Nuggetsi.

Nikola Jokic lau puntu eskasetan utzi zuten Texaskoek, eta Juancho Hernangomez espainiarrak eta Malik Beasleyk sartu behar izan zituzten Coloradokoen puntuak. Gutxitxo, dena den, DeRozanen 30 puntuen eta LaMarcus Aldridgen 27 puntuen aurrean. Aspaldion Mendebaldeko atzealdean ibili arren, zortzigarren lekura igo dira Popovich eta bere gizonak.

Honi buruzko guztia: NBA