Iraia OIARZABAL
PASAIA
Elkarrizketa
JON MAIA
BERTSOLARIA

«Bi Euskal Herri daude; hori aldatu ezean ez da gehiengo berririk osatuko»

Bertsolari, idazle, kulturgile eta beste hamaika ekimenetan aritua, Jon Maia (Urretxu, 1972) bere familiaren historiari tiraka hasi zen frankismoan Espainiatik Euskal Herrira etorritako emigranteen esperientzia azaleratzen, klixeak hautsi nahian. Hainbat lanetan islatu du eta Hezurbeltzak da horietan azkena. Gipuzkoako Etxe Erregionalek lan hori aitortu diote berriki.

Hezurbeltzak proiektuarekin aspalditik mamitzen ari zinen gai bati heldu diozu: migrazioa, identitatea, hizkuntza, kultura… Nola hasi da dena?

Uste dut ildo hau hasi nintzela jendaurrean agertzen 1997an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian, azkeneko agur famatu horrekin. Beti esaten dut hor atera nintzela armairutik. 25 urte neuzkan eta ordura arte niretzat nahiko gai gatazkatsua izan zen, intimoki. Nire identitatea oso garbi izan dut beti, nahiz eta etorkin familia batetik etorri euskalduna naizela, euskal herritarra. Baina gero baneukan gatazka bat, nire familiaren kultura edo jatorrizko identitate hori nola eraman nirekin. Lotsa ematen zidaten nire abizenek, lotsa ematen zidaten nire jatorria salatzen zuten gauza askok. Ez nuen ondo eramaten, bertsolaritzan ere ez nuen inor ezagutzen nire perfilarekin. Giro horietan jendaurrean gurasoekin gazteleraz hitz egitea sakrilegioa iruditzen zitzaidan... Hainbat eta hainbat gauza estali egiten nituen eta txapelketa horretan finalera heldu nintzenean pentsatu nuen bizitzak aukera handi bat eman zidala horri guztiari buelta emateko.

Zure familiaren historiarekin eta frankismoan Euskal Herrira etorritako beste askorekin konektatzen du horrek.

Bertolt Brechten poema bati esker, non esaten duen emigranteak desterratuak ere badirela beraiek ez dutelako hautatu bide hori kasu askotan, pentsatu nuen lehen aldiz nire familiak ere noizbait bere lurra utzi zuela. Ez nituen ikusten migratzaile bezala, ez nuen beraien historiaren inguruan pentsatu. Hori aldarrikatu nuen bertso horretan.

Gerora nola bizi izan duzu gatazka eta konplexu horiekin?

Niretzat oso bertso intimoa izan zen, baina konturatu nintzen jende askoren historia zegoela bertso horretan. Ausarta ere izan zen, momentuan bertso batean Extremadura eta Zamora esatea gero kartzela aipatu gabe... Berehala erreakzio pila bat hasi zitzaizkidan iristen. Konturatu nintzen oso posizio onean nengoela jende horrekiko, Francoren garaian etorri zirenekiko, sortutako estigmatizazioa eta aurreiritziak puskatzeko. Nik ja baneukan ibilbide bat kulturala, politikoki ere bai, jende guztiak ikusi ahal izan du nire ibilbidea, eta posizio horretatik ildo hori lantzen hasi nintzen premeditazioz. Beti bakarrik ibili naiz, ez naiz inoiz estrategia edo kolektibo baten baitan ibili.

Lauaxeta eta Lorca aipatzen dituzu zure obretan, badelako lotura bat haien artean.

Paradigma berrien bila egindako planteamendu bat da. Hortik sortzen da Hezurbeltzak eta 21 urte hauetan egin dudanaren ildoa ere hori da. Lorca eta Lauaxetarekin momentu batean hauxe diot nik: bi poeta hauek fusil berdinek fusilatu zituzten. Biak ziren poetak, biak gazteak, biek galdu zuten bizitza beren konpromisoagatik. Bat errepublikar andaluza zen eta bestea komandante abertzalea. Batek bere herriaren independentziagatik galdu zuen bizitza eta besteak bere balio errepublikanoengatik. Lauaxetak miretsi egiten zuen Lorca, gutun pribatu batean adierazi zionez. Miresmen hori, biak fusil berdinen aurrean erailak, biak balio berdinengatik... Zer egin dugu gero gaizki? Zer gertatu da hortik hain urrun ibiltzeko ondorengo hamarkadetan?

Ez dugu asmatu konexio horiek egiten?

Ikusten dugu biek galtzen dutela bizitza amankomunak dituzten ezaugarri batzuengatik baina gero gu elkar hiltzen ibili gara, ezta? Bi kulturen arteko elkarbizitza ezin gatazkatsuago horretan. Zer gertatu da hor? Niri interesatzen zait Lorca eta Lauaxetaren artean dagoen ikuspegi hori. Lorca hil eta 15-20 urtera etorri ziren nire abuela eta abuelo Zumarragara. Eta horrela milaka eta milaka, Lorcaren lurretatik Lauaxetaren lurretara. Beraien balioekin eta etsai berdinaren kontra borrokatu ondoren. Hori da niri interesatzen zaidan kontakizuna eta hori da nire ustez pendiente daukagun errebisio historikoa.

Diozun moduan, frankismo garaian immigrazioak erabat eraldatu zuen Euskal Herria. Migrazioak gurean izandako ondorioez mintzatzean maiz gailentzen da alde ezkorra aipatzeko tentazioa. Hori aldatu egin dela uste duzu?

Entzun izan dut horiek iraganeko gauzak direla. Belarrimotz, maketo, hezurbeltz... Eta besteak ere bai: vascorro, casero, háblame en cristiano... Baina uste dut ordutik datorren zatiketa sozial, kultural eta politiko horren ondorioetan bizi garela oraindik. Uste dut badirela gutxienez bi Euskal Herri oraindik. Erabat euskal kulturatik kanpo eta euskalduntasunetik kanpo dagoen komunitate bat dago. Garaiaren kudeaketa txarraren ondorioetan bizi gara, horregatik da hain garrantzitsua fosilizatuta gelditu den egoera hori zuzentzea. Hori aldatu ezean ez gara inoiz iritsiko ez gehiengo berriak osatzera, ez adostasun zabal berriak lortzera pendiente ditugun gai nagusiekin.

Zatiketa aipatzen duzu. Adibide konkretuetara joanda, hizkuntzaren arloan pasa berri dugun Euskaraldia, egoeraren argazki egokia izan daiteke?

Euskararen alde ezer ez dago soberan eta dena probatu behar da gure burua erretratatzeko eta gauzak astintzeko. Gero aterako ditugu ondorioak. Gauzak dauden bezala ez goaz ondo. Ikusten ditut mugimendu batzuk edo irekiera batzuk euskararekiko, baina oraindik asko dago egiteko. Euskararen normalizaziorako etorkinak behar ditugu, oraingoak eta lehengoak.

Eta erabakitzeko eskubidea bezalako gai batean ere, adibidez, orain arteko bloke fosilizatuak ere apurtu egin behar dira. Bestela jai daukagu. Hau ezin da festa partikular bat izan. Bat-batean, orain ari zara gonbidatzen jende bat zure interesaren araberako festa batera, zure urtebetetzera, zure ondoan bizi izan dena eta inoiz ez diozuna «iepa» ere esan 40 urteetan. Nola pentsatzen duzu etorriko dela zure festara? Inoiz ez gara iritsiko parte hartze zabaletara ez badugu azpi-azpitik eta oinarri-oinarritik hasten elkar ezagutzeko dinamika bat. Klixeak eta bloke hermetikoak ezezagutzatik sortzen dira. Goitik norbaitek zabaldutako kontsignek ez dute funtzionatzen. Beste garai batzuetatik gatoz eta daukaguna daukagu. Orainetik pentsatuta, uste dut hortik bakarrik etor daitezkeela gehiengo berriak.

Euskal Herrian gauza asko gertatu dira azken hamarkadetan: gatazka politiko luze eta gogorra, hark utzitako ondorioak, erabakitzeko eskubidearen inguruko ekimen berrien jaiotza… Aurrera egiteko ze baldintza ditugula uste duzu?

Geldialdi bat ikusten dut, trantsizio momentu bat, non ez dagoen garbi nondik jo behar den. Forma berriak ari gara eratzen, Euskal Herria ez da ez izan garena ez izango garena. Iraganetik abiatzearren, nik uste dut etorri zen emigrazio uholde horrekin egon den elkarbizitza gatazkak ez direla izan politikoak bakarrik. Gaur egun ez badago integrazio politika egokirik, zer ote zegoen diktadura militar frankista batean? Ze intentzionalitate ote zegoen integratu zitezen suntsitutako kultura batean, zapaldutako hizkuntza batean, gerra galdutako herri batean? Izan dezagun enpatia etorri zirenekiko eta hemen zeudenekiko.

Baina arazo handiena, niretzako, begirada klasista izan da eta gaur egun ere hori da migrazioarekiko arazo handiena. Etortzen dena pobreagoa denean sortzen dira mamuak, sortzen ditugu beldurrak, estigmak eta mehatxuak. Aberatsagoak direnean, ez. Horren frogetako bat da garai berdinean baserritarrei egiten zitzaien estigmatizazioa euskaldunen beraien aldetik. Azkenean begirada klasista da mespretxu horren atzean dagoena. Horregatik egiten zait oso interesgarria langile borrokatik euskalduntasunera iritsi diren milaka migranteen kasua. Integrazio kanal oso zuzena izan da.

Orain nola atera gaitezke honetatik? Bloke monolitikoak puskatu eta elkartzen gaituzten puntu berriak deskubritu behar dira. Euskal Herrian egoerak eraman gaitu gureari atxikitzera indar guztiz. Asko begiratu diogu gure arrazoiketa guztietan iraganari eta historiari, gure eskubide historikoei. Ados, ezer ez dago soberan. Etorkizunarekin berdin, balizko etorkizuna, balizko estatu bat... existitzen ez dena. Momentua da orainean zentratzeko, hori da jokalekua.

Hazten ari den migrazioaren harira, paralelismorik egin daitekeela uste duzu?

Egun emigrazioa da gai zentrala mundu osoan eta hemen ere bai. Harrigarria egiten zait Euskal Herria nola dagoen hain urruti zentraltasun horretatik.

Kohesioa da gakoa...

Migrazioa erabat transbertsala da. Ez da horretan aritzen diren lau elkarteren arazo bat, Euskal Herrian jokatzen ari garen bezala. Ultraeskuin eta faxismo guztia Europan berrantolatzen eta nagusitzen ari da emigrazioaren aurrean argumentatuta. Eta gu gaude horren erdi-erdian. Gure ardura izan beharko litzateke lehenengo lerroan egotea.

Garai bateko akats berdinetan erortzeko arrisku handia daukagu: begirada klasista, etorkinak auzo marjinaletara, lanik txarrenetara... Emigrazioa aukera bezala ikusi behar dugu: progresoa da, aberaste kulturala da, aurrerakuntza ekonomiko eta soziala... Sentsibilitate berezia daukagu giza eskubideekiko, pasatako guztiagatik, eta munduan arriskuan dauden balio batzuk aldarrikatu ditzakegu. Guk, euskal hiztunok, etorkinak behar ditugulako, euskaldundu daitezela behar dugu, ze gu gara gutxiengo gure lurraldean. Guretzat aukera bat da.

Amankomunean ditugun puntuak bilatzeaz aritu zara. Kasu oso konkretua da, bizikidetzari eta konponbideari lotuta, baina Errenteriako ereduak pistak ematen dituela uste duzu?

Errenteriakoa bezalako adibideek askotan bidea erakusten dute. Hor hurbilketa humanoa da gakoa, pertsonatik pertsonara enpatia erakustea. Zuk enpatia erakusten duzunean zeurekiko ere lortuko duzu beharbada. Edo geldituko zara sentsazioarekin egin beharrekoa egin izanaz, bueltan ezer espero gabe ere. Hortik hasita lortuko dugu elkar ulertzen hastea. Nik ausardia aldarrikatzen dut. Probatu behar ditugu ahal ditugun bide gehienak gure helburuetara iristeko. Ez zaigu interesatzen gure defizit egoera honek irautea. Joera kontserbadoreak dira errazenak, denak berdin jarrai dezala. Niri ere bertigoa ematen didate elkarrizketa honetan esan ditudan gauza batzuek, sentitzen dut ardura bat jendeari hitz egiten diodanean, baina sentitzen dut ere gauzak aldatzeko ardura.

Amaitzeko, belaunaldi berrietan jarri nahiko nuke arreta. Euskal Herria eraikitzeaz ari garela, erronka eta jarrerei begira, ze etorkizun ikusten duzu? Erresistentzia handiak sumatzen dituzu?

Nire esperantza da belaunaldi berriei guk bizi izan dugunetik ateratako ikasgaiak transmititzea eta beraiek gure lastrerik gabe hastea bidea Euskal Herri berri baterantz. Gai izan behar gara atera ditugun ikasgaiak transmititzeko, errepikatu ez daitezen. Jokabide berriekin, topagune berriekin, bizikidetza paradigma berriekin eta munduko borroka ildo nagusiekin konexioan eramango dute herri hau portu berri baterantz, guk nahi genuen portu hartarantz. Beraiek garbiagoak jaiotzen dira. Asmatuz gero, etorkizuneko balioz betetako lur zati bat izan gaitezkeela uste dut.

 

Bertso hau, guztiaren hasiera

«Ama Extremadura / aita Zamoratik /

abuela ta abuelo / haien aurretik. /

Herri hontan sustraitzen / asmatzeagatik /

neuke maita dezaket / guztien gainetik. /

Euskeraz badakit / bertsoz darabilkit /

dena zuengatik / halaxe dagokit. /

Denek kantatu dute / nere ahotik».

Jon MAIA

1997ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia