Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Xuaren joan-etorria

Txikitan Erregetako opariekin (orduan Olentzero ez zen ezagutzen hemendik) hainbatetan gertatu zitzaidana etorri zait gogora egunotan. Langile xumeen etxeetan bezala, gurean ere elastikoak eta galtzerdiak ohikoak ziren zapatetan. Halere, amak nola edo hala miraria egiten zuen eta jostailuren bat izaten zen tartean. Miraria, magia bihurtzen zen, ze biharamunerako pozarren jasotako jostailua desagertu egiten zen eta, a zer kasualitatea, hurrengo urtean ahizpa gazteagoaren zapatan agertzen zen.

Antzeko zerbait gertatu zaigu aurten. Picassenteko espetxean bizi den Xua herrian izan da lehen aldiz. Amonaren hegalpean egin ditu lehen pausoak herriko kaleetan, parkean hurbildu zaien jende ezezagunaren hitz goxoekin harritu egin da, han deskubritu du haur askok euskaraz egiten duela, 24an Olentzeroren etorrerako bildutako jendetzarekin beldurtu egin da… hitz batean, bere herria ezagutzen hasi da. Ez hori bakarrik, oraindik ezagutzen ez zituen senitarteko asko ikusi ditu, tartean, bere bi birramonak; baita itsasoa ere.

Egun batzuk igarota, Xua herritik desagertu eta 600 kilometrora agertu da bere ama eta aita dauden unibertso itxian. Zer ikusi duen, nor ezagutu duen, amonarekin nora joan den, aitonak Orioko itsasontziak erakutsi dizkion… gauza berri asko izango ditu bere ia 2 urteko hizkerarekin kontatzeko.

Hurrengo Gabonak baino lehen berriro agertuko zaigu herrian baina ez da magia izango. Amonak ekarriko du urtebete barru bere bizileku izango denera egokitzen joan dadin. Eta orduan, gauzak asko aldatzen ez badira, desagertutako jostailuarekin bezala hutsune latza sentituko dute Olatzek eta Patxik. Baina Xua panpina bat ez denez, berak ere gurasoen falta galanta jasan beharko du.

Ez luke, haatik, horrela izan behar. Euskal presoei aplikatzen zaien salbuespeneko espetxe politika ordez lege arrunta aplikatzea aski litzateke eta hirurek ez lukete derrigorrezko banaketa krudel hori pairatu beharko. Bi gobernuek legez eta gizalegez egin beharko luketena errealitate bihurtzeko magia egin beharko dugu. Urtarrilaren 12an daukagu hurrengo aukera.