Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Krisi-gune handi bat

Bengalako golkora begiratu beharko da 2019an. Munduko krisi-gune larrietakoa bihurtzen ari da, azkarki. Iaz arte, Myanmarreko rohingyen arazoa zen ingurumen horretan nazioartearen ardura (ez gehiegi, egia esan) sortzen zuen bakarra. Hortxe jarraitzen du, lotsagarri. Baina azken hilabeteetan Sri Lankan gartu den barne-gatazka politikoak erakutsi du zein hari meharrekin dauden lotuta beste gauza asko ere...

Eta testuingurua iluntzea besterik ez dute egin igandean Bangladeshen egin ziren hauteskundeek. Awami Ligak eta Hasina andreak aise jarraituko dute agintean, oraingoz; baina iruzurra nahiko agerikoa izan bide da, eta protesta mugimenduak indartu egingo direla apustu egin beharrik ez dago. Munduko herrialde populatu eta txiroenetakoan gertatzen da hori guztia... eta rohingyen arazoarekin estu lotuta dagoenean.

Atarikoa, besterik ez, izan daiteke hori, ordea. Maiatzean, Indiako hauteskunde orokorrak egingo dira eta, «munduko demokraziarik handienari» buruzko ohiko ergelkeriak albora utzita, adituak urduri daude. Duela urtebete N. Modi eta BJParen garaipenak zalantzagabea zirudien baina, 2018ko hauteskunde partzialetan ikusi denaren ondoren, gauzak ez daude batere erabakita. Ia guztien ustez, horrek erakarriko du Modiren diskurtsoaren soslai nazionalista biziro indartzea, eta «hindutva»-ren agenda inoiz baino ageriagoan izatea. Nekez itxaron daiteke emaitza gozorik hortik.

Eta krisiaren arkua osatzeko, apirilean egingo dira Indonesiako hauteskunde orokorrak, presidentea eta parlamentua aukeratzeko, Jokowi eta Subianto aurrez aurre direla berriro ere. Eta Txinarekiko harremanen auzia mahai gainean, besteak beste. Auzoko Malaysian ere iazko hauteskundeen ondoren gertatzen den moduan.

«Bertakoa» izan gabe, ia bertakoa baita Txina Bengalako golkoko gorabehera guztietan. Eta are gehiago izango da HangRui autobide faraonikoa Myanmarreko Kyaukpyuko porturaino eramaten duenean. Badakite hori protagonista guztiek.

Orain arte, bakearen eta konponbideen alde jokatu du Bengalako golkoan «txinatar faktoreak». Aurrerantzean, ikusi egin behar...