Maskarada «tradizioz berritua» eginen dute urdiñarbetarrek
Parte-hartze handia dela-eta, berezitasunak izanen dira bihar Urdiñarben hasiko diren maskaradetan. Apirilaren 21era bitarte Zuberoako itzulia eginen duen inauteri tradizionalak ohitura zaharretan oinarrituriko berritasunak izanen ditu. Emazte kopuru handia dela-eta, belagileak aterako dira plazara; bestalde, dantzari beltzak ere izanen dira.
Tradizioa aireberrituta helduko da Zuberoako plazetara 2019an. Normalean 30 bat parte-hartzaile biltzen dituen ekitaldiak aurten 51 elkartu ditu. Gazte gogotsu guztiei tokia emateko, sorkuntza batzuk integratu dituzte, baina ohiturak kontuan harturik. Horrela, François Fourquet-en, Georges Herelle-ren eta maskaradetako beste aditu batzuen testuak kontsultatu dituzte, lehen zer egiten zen ikusteko, eta bihar estreinatuko den ikusgarriaren moldaketak zentzuz eta inauteri zuberotarraren usadioen errespetuz egiteko.
Emakume anitzek parte hartuko dutela-eta, sorginak ere izanen direla azaldu du Maiana Barreix arizaleak, hots, aktoreak: «Beltzerian usu mutikoak dituzu, eta emeki-emeki emazteak sartzen dituzu joko horietan. Aurten bagenituen emazte andana bat, nahi genituen beltzerian ezarri, eta ez ditugu ez kauteretan, ezta buhameetan ere ezarri, baina beraientzako joko berezi bat asmatu dugu, belagileak».
Pertsonaia berri horien lana ere gaineratu du urdiñarbetarrak: «Izanen dituzu belagileak zopa berezi baten egiten, hartz baten iratzarrarazteko. Eta gero Pitxu ere atzarraraziko dute, baina zoparik gabe. Hori sorpresa izan behar zen, baina bozak fite ibiltzen dira».
Dantzari kopurua da aurtengo beste berezitasun nagusietako bat; normalean gorrien taldean izaten dira soilik, baina biharkoan beltzen artean ere ikusi ahal izanen dira oinkariak. «Hamabi gaituzu dantzarietan, anitz garelarik usu duzu bi talde egitea, baina ez duzu sinple», azaldu du hamabi horien parte den Barreixek. Izan ere, dantzariek urte eta erdi daramate pausoak sortzen, ikasten eta entseatzen.
Lau hilabete dira beste pertsonaien lana prestatzen ari direla. Herriko kideen artean kudeatzen dute maskaradaren antolaketa, ez da zuzendaritza bakar bat «denak elkarrekin dituzu lanean, batzuk testuak idazten, jokoak asmatzen, dantzak eramaten».
Herria parte hartzaile
Plazan arizale izanen direnen parte-hartzea handitzea gibelean lanean ari direnen kopurua ere handitu du. Horrela, plazarik plaza ibiliko diren gazteez gain, beste hainbeste jende arituko da lanean. Elkarrekin eramandako proiektua hartzaile eta laguntzaileen artean ospatzeko egin duten apairuan 100 bat pertsona bildu ziren. Gazteek jokoak prestatzen eta testuak asmatzen laguntzeaz gain, jantziak egiten ere aritu dira herritarrak.
Azken honen garrantzia nabarmendu du dantzariak: «51 jokalari dituzu, eta denek behar dute arropa bat, alimaleko lana da». Batzuk eginak baziren ere beste anitz ez, eta horren egiteko herriko hogei bat emazte aritu dira lanean. «Guk ez genuen dantzari beltzen jantzirik, eta lan handia izan da. Jantzietan atzematen dut badela berezitasun zerbait; tipien, marexal eta kukuileroen arropetan baduzu sorpresa zenbait».
Maskaradaren prestaketak herritarren arteko lotura handitu duela nabaritzen da herrian, baita euskararen erabilera ere. Elkarren ezagutzan aitzina pauso bat izan dela baieztatu du zuberotarrak: «Gazteen artean bortxaz birilkatu dituzu, baina ez da gazte istorio bat baizik; gure aita eta amena ere bai, anitz jantzi baitira, eta hemendik goiti, maskaraden denboran igande oroz gu ikustera jinen direlako».
Euskarari dagokionez ere Urdiñarben elebidun anitz badira; «gazte zenbaitek konprenitzen dute euskara, baina ez dute aise ematen. Hor esperantza badut hamasei igandez herrietan kurritzen ikusiko dutela euskara inportantea dela, eta enbeia emanen diela. Eta guri, euskaldunei ere, euskaraz aritzera maskaradaren kurtsan».
Ohi bezala, herri antolatzailea izanen da ibilbidearen abiapuntu eta bukaera, bihar hasi eta apirilaren 21ean finitzeko. Zuberoan barna herriz herri ibiliko da bitartean: Ürrüstoi-Larrabilen urtarrilaren 13an, Altzürükün 20an, Lexantzü-Zunharren 27an, Mendikotan otsailaren 3an, Eskiulan 10ean, Pagolan 17an, Maulen 23an, Barkoxen martxoaren 3an, Idauze-Mendin 10ean, Garindainen 17an, Larrainen 24an, Aloze-Ziboze-Onizegainen 30ean, Hokin apirilaren 7an eta Muskildin 14an.