A. G.
NBA

Indianak zein Milwaukeek baliatu dute Toronto Raptorsen azkenengo porrota

“Mendebalde Basatiak” adinako publizitate ez daukan arren, Ekialdean ere ez da egurrik falta aurreneko postuetan. San Antonioren aurka Torontok galdu zuela baliatuz, Indiana Pacersek eta Milwaukee Bucksek harrapatu egin dute Kanadako taldea, Chicago eta Atlantari irabazi ostean, hurrenez hurren.

Partidarik politena Indianak Chicagon luzapenean 116-119 irabazitakoa izan zen. Zach LaVine eta Lauri Markkanen arerio latzak izan ziren Victor Oladipo Indianako izarrarentzat. Denek saskiratu zituzten hiruko zail eta ederrak, baina azkenean zorteko izan ziren Pacersekoak. Lehenik eta behin, Oladipok (36 puntu) sekulako harrikada taulan jota sartu zuelako garaipeneko hirukoa luzapena amaitzeko hiru hamarrekoren faltan. Eta bigarrenik, Zach LaVine bigarren luzapena lortzear izan zelako denbora ia agortzen zela buelta erdia emanda hirukoa sartuta. Bere zoritxarrerako, alboko marra zapaldu zuen eta epaileek ez zioten ontzat eman.

Milwaukeek, berriz, ez zuen Indianaren laurdenik ere sufritu, 144-112 nagusitu baitzen Atlanta Hawks ahularen aurka. Antetokounmpok arnasa hartu ahal izan zuen, 19 minutu bakarrik jokatuz. Zortzi jokalarik 10 puntu edo gehiago sartuta, erraz nagusitu zen Milwaukee.

Honi buruzko guztia: NBA