Jon ORMAZABAL
PILOTA

Lehen erdia, atzelariek jotako musikaren erritmora

Rezusta, Zabaleta, Albisu eta Mariezkurrenaren kolpea bikain baliatu dute euren aurrelariek lehen itzulian.

Lehen erdia bete berri du Binakako txapelketak eta ondorio garbi bat erakusten du sailkapenak: atzelari jotzaileek jotako musikaren erritmora jokatu da lehiaketaren lehen zati hau. Ez dago adierazpen hau babesteko datu zehatzik, aurten esaterako kendu egin dute pilotaririk onenaren sailkapena, baina torneoaren jarraipena egin duen edozein pilotazaleri galdetuta, ziur erabateko adostasuna egongo litzatekeela lehen lau postuetan lau atzelaririk onenen bikoteak daudela azpimarratzerakoan.

Enpresek orekaren aldeko ekina egin omen zuten bikoteak aukeratzerakoan, baina aurkezpenaren egunean faborito kartela jarri zitzaien bikoteek, hau da, Elezkano-Rezusta, Irribarria-Zabaleta eta Olaizola II.a-Albisuk ez dute hutsik egin eta taularen buruan agertzen dira bosna garaipenekin. Iker Mariezkurrenarena izan zen ezbairik gabe, Asegarceren apusturik arriskutsuena eta, bere gorabeheratxoekin, Berriozarreko gaztea sekulako txapelketa egiten ari da eta, momentuz, lan hori bere fruituak ematen ari da, Artolarekin osatzen duen bikoa baita, lau punturekin, finalerdietarako langa pasako lukeen azken bikotea.

Bitxikeriak

Faborito handi hauen ibilbideak badu bitxikeriarik. Esaterako, Irribarria-Zabaleta bikotea puntu bakarrarekin heldu zen hirugarren jardunaldira, Arbizun oso itxura kaxkarra emanda gainera, baina hortik aurrera jokatutako lau partidak irabazi dituzte jarraian, maila handia emanaz gainera. Atentzioa ematen du Aspeko biko honek sailkapenean azken postuetan dauden bere enpresako bi bikoteen aurka izan dituela bi porrotak, Altuna-Martijaren eta Ezkurdia-Ladis Galarzaren aurka.

Sailkapeneko lidergoan berdinduta dauden beste bi bikoteen aurkako bi partidak irabazi dituzte, ordea. Txanpon beraren beste aldea Elezkano-Rezusta dira, behekoen aurka oso sendo aritu diren arren goikoen aurkako bi partidak galdu dituzte eta. Igande honetan izango dute joera horri buelta emateko lehen aukera, Zumaian lidergoa izango baitute jokoan Irribarria eta Zabaletaren aurka.

Oinatz, bikain

Lehen asteetan bestelakorik pentsa zitekeen arren, bilatutako oreka horrek ez du bereziki atzeko koadroetan egon den zuloa estaltzerik lortu eta sailkapena apurtzen joan da. Gehitxo esatea litzateke agian, baina gauzak normal joanda, laugarren postu desiratu horretarako borroka izan daiteke bigarren itzuli honen punturik interesgarriena.

Borroka horretan bete-betean sartuta dira Oinatz Bengoetxea eta Ander Imaz. Atzelari oiartzuarrak ez du beti bere mailarik onena eman, emanda ere defentsan aritzea dagokio gehienean, baina Oinatz Bengoetxearen lan izugarriak hiru garaipen eskuratzeko lain eman die. Eroso dago leitzarra kontraerasoan jokatu behar horretan eta erakustaldi izugarriak eman ditu. Lehen aipatutako pilotaririk onenaren sailkapena indarrean balitz, ez litzateke harritzekoa izango bera buruan izatea, nahiz eta badiren bi garaipen gehiago dituzten bikoak.

Gainontzeko bikoteak euren mailatik behera egon direla esan daiteke. Ezkurdia-Ladis Galarza bikoak oso une onak izan ditu, baina zenbait partidatako une erabakigarrietan ez dira ondoegi aritu eta espero baino puntu gutxiago batu dituzte. Urtebeteko esperientzia gehiagorekin Altuna-Martijak iazkoa baino bikote hobea zirudien hasieran, baina biak dabiltza euren mailatik urrun. Urrutikoetxearen kasuan, beste behin bere atzelaria larri dabil eskuetatik eta bera ere kutsatu da.

Aspek ez du ordezkorik erabili beharrik izan

Azken urteetan asko gutxitzen ari da, lehen erdi honetan behintzat, ordezkoen erabilera eta esanguratsua da Aspek, esaterako, azken bi urte hauetan ez duela ordezkorik erabili behar izan Binakakoaren lehen itzuli honetan.

Asegarcek bai, hirutan –Ibai Zabala, Larunbe eta Laso– jo behar izan du ordezko pilotari batengana lesioek eraginda lehen erdi honetan eta Bilboko enpresa ere iazko zenbaki berberetan dabil. Untoria, Aretxabaleta eta Zabala erabili zituen iaz. J.O.