Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Elizaren ardura

Jair Bolsonarok boterea hartu eta mundua zeharkatu duen zutarri biko mezua zabaldu du: Jainkoa gauza guztien gainetik ezarri eta genero ideologiari aurre egingo dio. Espainian Abascal jaunak antzeko diskurtsoa darabil (beti dago galiziar, katalan edo euskal herritarren bat Espainia salbaziora gidatzeko irrikan). Trump eta Marine Le Penek, ordea, badirudi beste lehentasun batzuk dituztela; etorkinak arrisku bihurtu eta estatu nazionala berrindartzea. Helburu berarekin, britainiar eskuma tradizionala Brexita kudeatzearen kostua ordaintzen dabil, epe laburrean autoritarismo berrien sorrera ekiditearen truke.

Badirudi autoritarismo berriek hainbat eta garrantzi handiagoa ematen diotela genero berdintasunaren aurkako borrokari, zenbat eta Elizak (batez ere katoliko eta ebanjelistek) pisu handiagoa izan euren estatuetan. Vatikanoaren agintea aspaldi gainetik kendutako herrietan, esaterako, inork ez du imajinatzen Theresa May genero berdintasunaren aurka hizketan. Oso ideia kontserbadoreak defendatu arren. Herentzia bidezko boterea plazan desburujabetu zuen Frantzian, euren aurreko kultura nazionalen suntsipen makina horretan ere, andrazkoen buruzagitza Erdi Arotik goratzen duten zerbait da.

Ondorioz, ez dirudi oso konspiranoikoa denik Elizari kontuak eskatzen hastea.

Azken finean, europar gizartearen minimoetara egokitzeko eskaera baino ez da. Andrazkoak botere guneetan egotea debekaturik duen estatu multinazionala anakronismo toxikoa da Europan. Eta beste edonon, baina deigarria da giza eskubideen baluarte izan nahi duen lekuan. Europa osoko instituzioek zigor isunak ipini beharko lizkiokete Elizari, gutxienez Ama Santua izendatzeko aukera onartu arte, bere ondorio guztiekin.

Mende hasieran eskuma espainiarra oso interesaturik zebilen autoretza intelektualaren ondorio penalen gaiarekin. Interesgarria litzateke jakitea ba ote dagoen pertsonen arteko berdintasuna legez ukatzen duen instituzio bat jarreraz aldarazteko tresna demokratikorik.