Lur Albizu Etxetxipia
Ernai Gazte Antolakundearen izenean
KOLABORAZIOA

Kaixo adiskideak

Zer moduz hasi duzue negu hurbila? Guk, zuek ongi dakizuen bezala: lan eta lan. Zuetako asko bahiturik zeundeten Ernai sortu zenerako. Gehienok ez gaituzue zuzenean ezagutzen eta gutxi batzuok baino ez dugu zuek ezagutzeko aukera izan. Denek izango zenuten prentsan gure nondik norakoen berririk. Ehunka kilometrok banantzen gaituzte, barrote hotzek edo hatz-markaz zikindutako kristalek. Hala ere, eta zuetako asko ezagutzeko aukerarik izan ez dugun arren, zuekin euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen inguruan lan egin eta zuekin konpartitzeko bezain besteko ardura, konfiantza eta gertutasuna sentitzen dugu.

Bagenekien azkeneko eztabaidatik irekitako bidea ez zela erraza izango, orain artekoa izan ez den bezala. Gainera, aurkako azken ebazpen judizialaren ondoren, bidean gero eta harri eta oztopo gehiago aurki ditzakegu, baina aurre egingo diegu guztiei; animo beroenak zuentzat! Egunerokotasuneko koiunturak markatzen dituen erritmo zorrotzetatik at doa, ordea, guk hartutako konpromisoa.

Mundu ikuskera batek, balio batzuek eta borrokatzen dugun proiektu politikoak batzen gaituzte. Kilometroak baino indartsuagoak dira horiek guztiak. Eta horregatik diogu «Gazteok Zuekin». Gazteok zuekin gaudelako, zuek abiatutako bidean gaudelako eta zuek helburu zenuten zerumuga bererantz goazelako. Independentzia, sozialismoa eta feminismoa lortu artean, eta preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak etxean izan arte jarraituko diogulako behin hasitako bide horri.

Zuetako asko izango zineten gazte antolakundeko kide. Jarrai, Haika, Gazteriak eta Segi. 40 urteko borrokak zakukada bizipen eta ondare ezin oparoagoa utzi digu. Hori guztia biltzeko asmoz heldu diogu “Bulkada Berrian Garaia Da!” dinamikari; iragana presente, oraina borrokatuz, etorkizuna irabazteko. Herriz herri eta auzoz auzo belaunaldi eta antolakunde ezberdinetako militanteak biltzen gabiltza, bidea ezagutzeaz gain elkar ezagutzea ere garrantzitsua dela iruditzen zaigulako. Herrietan bulkada ezberdinak biltzeaz gain, herrietako Bulkada Egunak ere ari gara antolatzen. Baita liburu zuriak idazten ere; zuetako batzuei, agian jada eskatu dizuete zuen herriko liburuaren zatiren bat idazteko. Guztion bizipen eta esperientziekin herri bakoitzak bere historia idatziko du gazte antolakundearen baitan. Eta horietan zuen presentzia ezinbestekoa izango da. Bidea hasi zenutelako eta gurekin, bidean jarraitzen duzuelako.

Udaberrian loratzen omen dira loreak, eta gurean aurtengoan lore berezi bat loratuko da. 40. urteurrenarekin loturik Gazte Topagune erraldoia antolatzen baikabiltza. Zuetako asko egongo zineten batean edo bestean... gogoan dituzue Elorrio, Lezo, Kanbo, Etxarri? Bada aurtengoa ere berezia izango da: Lemoan. Auzolan erraldoian antolatuko dugu inoizko bereziena eta ederrena izango delako eta egitaraua ere ezin oparoagoa da. “Askatasun bulkadak independentziara!” izango da leloa eta bulkada ezberdinen topaleku izateaz gain, bidea jorratzen jarraitzeko tresna izango da. Zuek ere izango duzue zuen lekua Topagunean, noski. Gurekin sumatuko zaituztegu montajean hankak lokatzez zikintzean, mahai-inguruetako eztabaida amaigabeetan, kontzertuen artean topa egitean eta baita ekitaldietan gorputza hotzikarak zeharkatu eta indarrak biltzean ere. Zuekin gaude.

Gure aurtengo beste erronka nagusietako bat prekaritate eta esplotazioari aurre egin eta borroka horretan sendotzea da. Analisi orokorra egitetik abiatu ginen, problematika eta alternatiba lokalak lantzen gabiltza orain eta otsailean lehen mobilizazio nazionalaren ondoren Euskal Herri osoan zehar antolatuko ditugu martxak. Zuetako gehienok ere, gogotik lan eta borroka egin duzue prekaritatearen aurrean, aurtengoan ere gurekin batera nahi zintuzkegu kalean edo herrian lanean.

Gutun bakarrean ez da sartzen esan nahi dugun guztia, ezta maitasun eta elkartasun guztia ere. Baina, apur bat gertuago sentitzen gaituzuelakoan gaude horrela; gertuago gaudelakoan. Zuek konpromisoa hartua duzuen bezala, guk ere zuekiko hartua baitugu; beraz, bisitak eskatzeko, gutunak trukatzeko, handik eta hemendik lan egiteko... gure konpromisoa berresten dugu.

Sarritan entzun dugu gazteok ez gaudela inon, ez gabiltzala ezertan. Ez da hala, ordea, eta zuek etxeratzeko bidean ere lanean gabiltza; euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko zerumugarekin amesten dugulako jarraitzen dugu lanean. Begien parean dugu horren alde borrokatzeko hurrengo hitzordua: urtarrilaren 12an Bilbon eta Baionan. Orain delako garaia, borrokatzeko garaia eta zuek guztiok etxera ekartzekoa. Horregatik, gazteok bertan egongo gara, Bilbo eta Baionako kaleak beteko ditugu, gurekin nahi eta behar zaituztegulako. Bulkada berrien garaia delako, baina bulkada guztiak direlako beharrezko Herria askatzeko borroka honetan. Horregatik, zuek hortik eta guk hemendik lanean jarraituko dugu; borrokak merezi duelako. Behar zaituztegulako, maite zaituztegulako, gazteok zuekin gaude.

Jaso borrokarako indarrez betetako besarkada goxo bana.

Maite zaituztegu!