Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JO PUNTUA

Hizkuntza indigenen urtea

Urteko lehen eguneko berri nagusiak berdintsuak izan ohi dira. Lehenengo jaiotza edo lehendakariaren urte amaierako mezua izaten dira, salbuespenik gabe, errepikatzen diren albisteak. Aurten, aldiz, iragargarriaz gain, kontuan hartzeko gertakizuna izan zen: Bolsonarok Brasilgo presidente kargua hartu zuen. Ez zuen denbora galdu, eta egun horretan bertan, hartutako neurrien artean, indigenen eskubideak mehatxatzen dituen dekretua onartu zuen. Ostera, egun berean, baina 25 urte lehenago, EZLN mundu zabalera atera zen. Behingoz Mexikoko –eta bide batez Amerikako– indigenen errealitatea ezagutarazi zen. Urtea ireki duten bi gertaera horiek lagungarriak dira 2019a kokatzeko, Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea.

Indigenen eskubideen urraketez aritzean, lehenengo erreferentziak herri indigenek jasotzen dituzten erasoak edo mehatxuak izaten dira. Gehienetan obra handiei lotuak, bereziki, egitura handien eraikuntza, erauzketa-industria eta baso-industriari. Zer esanik ez, indigenen giza eskubideen defendatzaileen egoera larriaz. Dena den, horiek ez dira urraketa bakarrak, hizkuntza eskubideak ere ez dira behar bezala errespetatzen. Herri Indigenen Eskubideen Adierazpenak eskubide kolektibo gisa babesten ditu, baina ez da nahikoa.

Ukaezina da hizkuntzen garrantzia gure eguneroko bizitzan. Komunikaziorako tresnak dira, dudarik gabe, eta gizarteratzeko eta hezkuntzarako ezinbestekoak. Baina euren balioa ez da horretara mugatzen, beharrezkoak ditugu norbanakoaren identitatea, ohiturak, kultura, historia edo memoria definitzeko, eta zenbait eskubideren aurrebaldintza dira, esaterako, adierazpen askatasunarena. Horregatik da hain lazgarria hizkuntzen desagerraraztea. Prozesu honek erritmo bizian egiten du aurrera, eta hizkuntza indigenak kolpatzen ditu bereziki. Nazio Batuen aurtengo asmo ona altxor kultural horren babesa bultzatzea da. Zehazki, mundua ikusteko modu zehatz baten errespetua eta aitorpena sustatu nahi da. Azken finean, ez al gara existitzeko eta autodeterminazio eskubideez ari?