GARA
DONOSTIA

Donostiak Txillardegiri oraindik ere zor dion aitortza aldarrikatu dute

Gaur Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zeneko zazpigarren urteurrena da. Atzo hainbat euskaltzale bildu ziren Antiguan hura gogoratzeko eta, aldi berean, oraindik zor zaion aitortza ofiziala aldarrikatzeko. «Batez ere Donostiako Udalak zor dion aitortza ofiziala erreibindikatu nahi dugu», adierazi zuen Txillardegi Liburutegia herri ekimeneko presidente Fito Rodriguezek.

Ohar batean azaldu zutenez, goizeko 11.00etatik aurrera, “Txillardegiren Antigua” ibilaldia egin zuten, bertatik bertara bisitatuz Txillardegik txikitan ezagutu eta “Antigua 1900” liburuan islatu zituen hainbat leku.

13.00etan, berriz, Txillardegi etxea zegoen plazan, iaz Txillardegiren oroimenez margotu zen horma-irudiaren aurrean, ekitaldi bat izan zen. Bertan ez dira falta izan aurreskua, musika eta beste osagai batzuk, baina bereziki adierazgarria izan da Jean-Louis Davant euskaltzain zuberotar beteranoaren hitzaldia. «Davant izan zen euskara batuaren sorreraren lekuko zuzena, 1963an eta 1964an Baionan egin ziren bileretan parte hartu baitzuen. Eta lekukotasun zuzen horren talaiatik Txillardegi euskara batuaren aitatzat aitortu du», azaldu zuten.