Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Etorkizunari aurre egiteko estiloa

Arestian gertatu da, eta gure artean ia inork ez dio kasurik egin. Gertatu den tokian, Alemanian, bai, iskanbila sutu du; baina han ere, agian, protagonistaren izaera kalapitariari gehiago erreparatu diote gorabeheraren mamiari baino. Eta ez dut uste hori ere zuhurregia denik.

Kontua da Richard Grenell-ek, AEBek Alemanian duten enbaxadoreak, mehatxatu egin dituela errusiar gasa Baltikoan barrena garraiatzeko Nord Stream 2 gasbidea eraikitzen ari diren enpresak, alemanak gehienbat. Argi eta garbi: «Betiere arriskuan daude, zigorrak jaso ditzaketelako beti». Adierazpen publikoak eginez eta haietako bakoitzari gutunak bidaliz helarazi die gaztigua.

Berlingo enbaxadan daraman urtebete eskasean piztu dituen beste kalapita batzuk gogoratuz –ultraeskuineko indarren aldeko adierazpenak ere egin ditu–, ematen du pertsonaiaren ahoberokeriaren juzgu egin nahi izan dutela alemaniar erreakzio publikoek. Haserre-giroan beti. Larderia ageriegia izan baita.

Interpretazio xaloegia dela esango nuke, hala ere. Zalapartari bat da Grenell baina, era berean, AEBetako politikagintza eta «diplomazia» errepublikanoan eskarmentu handiko pertsonaia da; betiere eskuin-eskuineko jarreretan. Gaur egun, Breitbart News eta S. Bannonengandik urruti gabe. Eta agenda politiko horretan, oso koherentea da egin duena. Ez, noski, aipatu duen zergatiagatik («gasbide horiek menpekotasun larregia ezartzen diotelako Alemaniari»), baizik... alderantziz.

Alemaniaren, hots, Europa «batuaren» gasifikazioa, batez ere zero-karbonora iristeko bidea balitz, arrisku kritikoa da erregai konbentzionalen eta horien inguruko teknologiaren mozkinetatik bizi diren ekonomientzat. Batik bat, ibilgailu elektrikoen aroaren atarian gaudela onartzen badugu. Komunikazioen alorrean 5G-arekin jada gertatzen hasi denaren oso antzeko zerbait ari da jazotzen gasarekin ere. Ekoizleen (Qatar, Errusia) nahiz kontsumitzaileen (Europa, Asia Ekialdea) aurka.

Corleonek zioen moduan: ez da pertsonala, negozio-kontua da soilik.