Jon ORMAZABAL
PILOTA

Eta pilotekin gustura ez

Altuna III.ari «baloi bat» iruditu zaio Olaizola-Albisuk aukeratutako pilotetako bat, eta Oinatz Bengoetxeariez zaizkio gustatu ez Irribarria-Zabaletarenak, «biziegiak» direlakoan, ez eurek aukeratutakoak.

Lehendik ere bazekiten Altuna-Martijak eta Bengoetxea-Imazek bizirik jarraitzeko irabazi behar dituzten asteburuko partidak oso zailak izango zirela eurentzat, baina gauzak are eta maldan gorago jarri zaizkie, atzoko material aukeraketan saskian aurkitutakoa euren gustukoa ez zela ikusterakoan. Kritikak ez ziren larriegiak izan, baina alde horretatik oso lasaia izaten ari zen txapelketan salbuespen dira atzo entzundako kexak, txapelketa une erabakigarrienean sartzen ari den seinale.

Bitxienak, ziur aski, Jokin Altunak Bilbon esandakoak dira, Olaizola II.a-Albisuk aukeratutako pilotetako bat «baloi» batekin alderatu baitzuen. «Eurek aukeratutako batek baloi bat ematen du, jotzerakoan nabaritzen da mugitzea kosta egiten dela eta botea jotzerako orduan besteak baino gehiago geratzen dela igartzen da. Baina larunbatean nola irteten den ikusi beharko da», azaldu zuen.

Amezketarrari pilota horrek kezka puntu bat eragiten dio, batez ere «parean izango dugun bikoteak jokatzen duena jokatzen duelako. Badakigu Jon Anderrek ematen diona eta Aimarrek aurrean pilota aurkitzen badu, badakigu denak amaitzen dituela. Pilota hori horretarako hartu dute, atzean jo eta Aimarrek aurrean aukerak izan ditzan, besteak baino dezente baxuagoa da eta garrantzitsua izan daiteke», gaineratu zuen.

Baikoko pilotarien partetik ez zen inolako kexarik izan eta Aimar Olaizolari «pilota ederrak eta frontoi honetarako oso egokiak» iruditu zitzaizkion larunbatean erabiliko dituzten seiak, aurkarienak apur bat biziagoak direla onartu arren.

Eibarren gustura ez

Bilbon amaitu eta Eibarko Astelenara bidaiatu behar izan zuten Martin Alustiza hautatzaileak eta bi enpresetako intendenteek, eta hemen ere ez zen erabateko adostasunik izan saskian jarritako pilotekin. Kasu honetan Oinatz Bengoetxea izan zen bere ezinegona adierazi zuena, baina kasu honetan aurkariek aukeratutako pilotekin agertu zen kexu, baina baita bere enpresakoek aurkeztutakoekin ere.

«Beraien pilotak oraingoan ere biziegiak iruditu zaizkit eta gureak gaurkoan ez zaizkit gustatu, ez dute toke askorik. Orain arte gureak izaten ari ginen baina gaur ez ditugu aurkitu gure gustukoak, baina halaxe dago gauza», azaldu zuen. «Ez da kexa bat, esana nuen aurten ez nuela kexatu behar, baina nire irudipena esaten dut bakarrik», gaineratu zuen leitzarrak.

Hauen kasuan ere, sailkapena oso dute maldan gora eta pilotarenak ez die inolako mesederik egiten. «Badakigu sailkatzea oso zaila dugula, geratzen diren sei partidetatik lau edo bost irabazi beharko genituzke eta gaur egun hori oso zail dago, baina gogoarekin gaude eta borrokatu egin behar da. Oso zail dago, gainera eurak dira dagoen bikoterik indartsuena eta airean erabiliko gaituzte baina gu gure lana ahalik eta hobekien egitera etorri behar gara, gure onena eman eta ea irabazterik dugun».

Altuna ere hasia da bere kalkuluak-eta egiten eta bere iritziz, eurek gauzak ondo egiteaz harago, aurretik dituztenek txakalaldiren bat izatea itxaron beharko dute. «Artola-Mariezkurrenak egiten dutenaren arabera izango da asko. Oraintxe oso indartsu daude eta zail dago, baina badakigu eurek ere hutsak egin ditzaketela eta garrantzitsuena da gu gurea ondo egiten saiatzea, aste honetan ez bada, hurrengoan gerturatu ahal izateko. Oraintxe sailkatuko diren lau bikoteak zeintzuk izango diren argi xamar dagoela ematen du, baina puntu bat kentzea lortuz gero, euren aurkako partidara konfiantza handiagoaz heltzen zara. Banaka zein binaka, aste batean gauzak asko alda daitezke eta lanean jarraitu beharra dago», azaldu zuen.

Amezketarrak onartu zuen aurten ez dela iazko mailan heldu txapelketara, baina bost porroten ostean, aurreko asteko garaipenak larunbaterako asko lagunduko diela espero du.

Matematikek kontrakorik ez dioten bitartean...

Binakako txapelketaren bederatzigarren jardunaldia gaur arratsaldean hasiko da, Mungian, San Antontxu eguneko ohiko jaialdiarekin. Bertan Ezkurdia-Ladis Galarza eta Laso-Aretxabaleta arituko dira, elkarren aurka. Mikel Urrutikoetxeak ez du eta jokatzeko modurik izango, ezker eskua minduta duelako.

Bina punturekin, sailkapenean zuloan dauden bi bikoteak arituko dira gaur arratsaldean eta beraz, azken postutik ihes egiteko partida garrantzitsua suerta daiteke, nahiz eta matematikek kontrakorik ez dioten bitartean, denek dituzten oraindik finalerdietarako aukerak. Artolaren ordez aritu zenean Lasok ez zuen bere aukera ondoegi baliatu eta gaur erronka zaila du. J.O.