Antsietatearen loraldia, enpatiaren makalaldia
Estatu Batuetan biztanleriaren %31k dauka antsietate sintoma. Txinan, %4,8k. «Mendebaldeko gizartean buruko gaitzen proportzioa handiagoa da». Munduko Ekonomia Foroak (WEF, ingelesezko siglak) arrazoitu du honakoa.
Antsietate puntu batekin, gizarte indibidualista batera goaz oinez. Edo saltoka. Antsietate handiko gizartea garatu baitugu. Teknologiak erru handia omen dauka isolamenduan. Gure burbuila sortzen dugu eta kanpoko arazoak alde batera utzi, kanpoko hori bizilaguna izan arren.
“Gurea” axola zaigu, gure ongizatea eta gure arazoak konpontzea. Hariari tiraka, 18 eta 25 urte arteko estatubatuarren %81en bizitzako helburua aberatsak izatea da. Kapitalaren presiopean gabiltza, buruko gaitzak garatzeraino.
Eta momentuz, 12 urte ditugu planetaren tenperaturaren igoera 1,5 gradura iristea ekiditeko. Eta momentuz, «Open Arms» edo «Aita Mari» ontziak portutik ezin irtenda daude, baimenik lortu ezinda, zeharkaldian datozen bizilagun errefuxiatuei laguntza eskaintzeko. Laguntzeko baimena eskatu behar den garai honetan.
Teknologia eta sare sozialak izan dituzte oinarri, hain justu, diskurtso populistek eta natibismoak. Enpatiaren bataila agian galduta legoke bizitzaren minutu gehienak kentzen dizkigun arlo horretan.
“Late Motiv” saioan Rosa Maria Calaf kazetariak onartu zuen desinformatuta dauden boto-emaileak direla gehien kezkatzen dutenak. Hezkuntza behar da izaera kritikoa eraikitzeko. Edo barnean eraikita daukaguna deseraikitzeko. Enpatiak behar du izan antsietatea ezabatzeko formula.