Inperialismoak mundua astintzen du Venezuelan
Asko hitz egin da azken urteotan estatubatuar inperialismoaren gainbeheraz. Sartu den hainbat gerletatik ia ihesi atera da, betiere lurralde eta populazioak suntsituta, jakina. Batzuen ustez, hori eta ondareak lapurtzea ziren helburu nagusiak, gaur egun kontrola denboraz luzatzen saiatzea baino nahiago dutelako garai bateko kortsarioren moduan iritsi, eraso egin, lapurtu eta korrika atera. Suntsipen estrategikoaz mintza gaitezke, eta Mexikon, esaterako, beste erara bultzatu dute, nolabaiteko narko-feudalizazio batera eraman nahian. Trumpen harresia egon badago jada, aldarrikatu gabeko gerla horren bidez.
Harresiak harresi, munduko beste zenbait bazterretan korapilatzen zirelarik, matxinada lehertu zitzaien AEBei Hego Amerikan, beren baratze kuttunean, nolabait esan. Venezuela izan zen insubordinazio erraldoi horren protagonista nagusia, hamarkadetan zehar ia bakarrik ibilitako Kubarekin batera. Ezin izan zuten sua garaiz itzali, baina laster hasi ziren kontrola berreskuratzeko ahaleginetan. Kate luzea izan da, estatu-kolpe saio argietatik gerla ekonomiko basatira, hamaika trikimailu erabilita. Chavismoa ez da erori, alta, eta inperioa eta beren menpekoen haserre eta zapuzketa zabaltzen joan dira.
Izandako akatsak ahantzi gabe, ezin da egungo egoera ulertu eraso horiei erreparatu gabe. Orain, enegarren erasoaren aitzin gaude eta oso zaila da jakitea zertan geldituko den. Mundua aldatzen ari da, lehia berriak piztuta eta interes asko korapilatzen dira Venezuelan. Trump Etxe Zurian, Brasilen eta Kolonbian osatu diren gobernuak aintzat hartuta, egoera mehatxuz beterik dago. Argi dago, Venezuelako eraldaketa prozesuarekin eta bere zuzendariekin ados egon ala ez, munduak hurrengo urteetan hartuko duen norabidea dagoela kolokan. Elkartasunaz gain, mundu hobe baten aldeko hautuak kolpe saiakeraren eta inperialismoaren kontra borroka egitea eskatzen digu, honenbestez.