Elkartasun isila
Euskaldunok izaera berezia omen dugu. Oro har, barnerakoiak garela, ez omen ditugula sentimenduak adierazten, ez garela lausenguak agertzearen aldeko. Ez dakit esaten horiek zenbateraino diren egia edo esamesa baina, nire eskarmentuaren arabera, zenbait kontutan baieztapen horiek badute funtsik. Esaterako, hamaika arlotan jardunez, inguruan ditugun auzokide, lankide, ekintzaile, senide edota lagunen merezimenduak aitortzea asko kostatzen zaigu.
Gure artean daudenean –non eta ez badute kanpoko sona handia lortzeko zerbait egin–, gehienetan ezta hitzik ere, eta gure artetik joaten direlarik, komentario batzuk egiten ditugu petit comite-an (kontuz, ez gehiegi eeee?, koipekeriarik ez!). Deskuiduan zendu ondoren norbaitek aitortza hori merezi duela onartzen bada, aurretik joandakoei egin ez zitzaienez, hobe horretan uztea inor gutxietsia sentitu ez dadin.
«Denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuek dena eman behar ez dezaten» esaldi mardularen «dena» horren neurrian, edozein ekarpen txiki geratzen dela iruditzen zaigu; batez ere, ekintza politikoan edota elkartasunezko lanetan. Eta egunerokotasunean, isilean, xaloki beren aletxoa ekartzen dutenen ahalegina normala, are, batzuetan betebeharra ere badela deritzogu.
Adibiderako, gure herrietan presoen eta beren senideen egoera gogorra leuntzeko milaka lagun ari dira beren ekarpen isila egiten. Beharbada, ez dira puntako militante konbentzionalak, ez dira bileretan ibiliko, ez dute pertsonalki ezagutzen preso dagoena, ez dira manifestazio guztietan izango, baina hor daude, festetan trikitixa jotzen presoen eskubideen aldeko kalejiran; urruti giltzapean dituztenei bertso batzuk eskaintzen; zozketako txartelak saltzen eta erosten; tartak, taloak egiten edo gaztainak erretzen senideen zama ekonomikoa arintzeko.
Astebeteko tartean halako bi herritar joan zaizkigu gurean, kuadrilla berekoak. Lerro hauetatik haien lan isila aitortu eta goraipatu nahi dut, txingurri lan eskergaren parte izateagatik eta erakutsitako elkartasunagatik. Ez adiorik, Rai; bidaia berri honetan, ándele Xabi!