Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Etorkizun oparo bateranzko pausoak ematen dituen 20 urteko ibilbidea

Donostiako Aiete kultur etxeko «Ilustratzaileen txokoa» Dani Fano marrazkilariari eskaini diote oraingoan. Espazio txikia izanda ere, egileen lanaren lagin bat erakusteko balio du eta, nolabait, autorea ezagutarazteko eta bertatik pasatzen direnen jakin-mina pizteko. Fanoren iritziz, komikia ez da oraindik gainerako literatur generoen parekotzat hartzen, ez helduentzako literaturaren barruan behintzat, baina pixkanaka gauzak aldatzen ari direla adierazi du.

Dani Fano komikigilearen lanak bildu dituzte lehen aldiz Aieteko kultur etxean, “Ilustratzaileen txokoan”. Espazio txikia izanda ere, egileen lanak mimoz tratatzen ditu eta estimuan izan ohi dute bai marrazkilariek, bai eta ikusleek ere.

Bertan bildu dute Fanok azken hogei urteetan egindako lanaren lagin bat. Eskuz pintatzen duenez, martxoaren 10era arte ikusi ahal izango den erakusketa horretan plantxa originalak daude. Material didaktikoa dago, baita ipuinen ilustrazioak ere, baina gailentzen dena komikiak dira. «Beti egiten du ilusioa zurekin gogoratzen direnean, batez ere egindako lanari beste bizitza berri bat ematen diotenean», aipatu ditu egile donostiarrak.

Udazkenean “Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak” komikia atera zuen, El Salvadorreko iraultzailearen bizitzaren ingurukoa, eta arrakasta izaten ari da: «Ez da gai arrunta baina bai oso erakargarria. Migel Marmolen bizitza bera da oso erakargarria. Roque Dalton eta Eduardo Galeanoren testuetan oinarritutako materiala sortzen duzunean arrakasta minimo bat edo behintzat lan horrek harrera ona izatea espero duzu», esan du barrez. «Irakurleek emango dute euren iritzia, baina ni oso gustura gelditu naiz. Saiatu naiz komiki polit bat egiten, baina Migel Marmol bera da bere istorioa ezagutzera erakartzen gaituena», aipatu du.

Gurean baditugu ilustratzaile aipagarriak, baina agian ez zaie duten garrantzia ematen. «Euskal Herrian oso maila handiko ilustratzaileak ditugu, oso ezagunak Europan, baina agian ez hemen. Euskalgintza komikigintzari bizkarra emanda bizi dela esango nuke. Orain pixka bat suspertu da, baina kulturgintza eta euskarazko materiala ateratzen ari diren argitaletxeak, Txalaparta kenduta, komikiari bizkarra ematen jarraitzen dute. Hausnarketa bat egin beharko genuke horri buruz», adierazi du egileak.

Erreferente asko dituela onartuta, bat bakarra ezin duela hautatu esan digu Fanok. «Oso kuriosotzat» du bere burua eta, hala, asko gustatzen zaio lankideen materiala aztertzea. «Edozein marrazkilariren lanean ikusten ditut nire lanari aplika diezazkiokedan gauzak. Juan Luis Landatik hasita, garai batean asko fijatzen nintzen bere marrazkietan. Gero asko ikasi dut Marko, Asisko, Iñaki Holgado eta halakoengandik. Kanpoko egileei dagokienez, Hermann, Mathieu Lauffray, Jose Luis Munuera... azkenaldi honetan oso tematuta nago Will Eisner-ekin. Besteen lana ikustea asko gustatzen zait eta beti ateratzen dut zerbait haiengandik», aitortu digu.

Loraldia?

Azkenaldian album ilustratuen loraldi bat egon da eta hori marrazkilarien mesederako izan daiteke. Horren inguruan ere bere iritzia eman nahi izan du: «Ni komikigintzatik nator eta arlo horretan nago oso aspaldian burua sartuta. Komikigintzan beti izango du irudiak kontakizunaren pisua. Baina ilustrazioan bai iruditzen zait orain album ilustratuetan indarra jartzen dela irudiak istorioa konta dezan eta ez dadin testuaren apaingarri soila izan. Nik askotan ilustratu izan ditudan ipuinak marrazkirik gabe berdin-berdin ulertzen dira edo agian hobeto. Eta orain kontrako proposamenak ikusten ditugu, non irudiak daraman kontakizunaren zama edo zamaren zati handi bat. Erantzukizun partekatua dago. Garatu egin da gure irudi-kultura», dio itxaropentsu.

Zentzu horretan, komikiak literatur genero bezala duen prestigio eskasa azpimarratu du Fanok, nahiz eta uste duen gauzak aldatzen ari direla. «Hegoaldean oso independentziazaleak gara, baina oso espainolak ere bai. Espainiar kulturaren zama hori oso ondo barneratu dugu. Iparraldean desberdina da. Bertan Frantziako kultura hartu dute, eta han komikia beste genero literarioen pare dago, edonork kontsumitzen duen kultura errespetatu bat da. Espainolen kulturan, berriz, komikia haurrentzako eta friki txoro super-heroizaleentzako gauzatzat hartzen da. Aldatzen ari dela esango nuke, baina oraindik urruti gaude», argitu du komikigileak.

Fano ikastoletan banatzen den “Xabiroi” aldizkariaren koordinatzailea ere bada, eta komikiak atera ohi dituzte zigilu horrekin, baina horrek ez du esan nahi lan horiek haurrei zuzendutakoak direnik. «Duela gutxira arte haur-txokoan jartzen zituzten liburu-dendetan. Haur-txokoan 10-12 urtetik beherakoentzako materiala dago, eta guk hain justu kontrakoa egiten dugu, hortik gorakoentzako argitalpenak. Orain ez, orain gure komikiak helduen atalean daude», kontatu digu.

Komikia zinemaren bide berbera egiten ari dela uste du ilustratzaileak, eta pixkanaka prestigioa hartzen ari dela. «Ez dakit gizartea bera aldatu den edo sortzaileok aldarazi dugun, baina orain ohikoa da helduentzako filmak animazioaren bidez egitea eta helduek normaltasunez ikustera joatea, ez bakarrik haurren laguntzaile bezala», aldarrikatu du.