Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Niri bost??

Txaleko horien» oldarraldiari aurre egiteko «Eztabaida Nazionala» jarri du abian Emmanuel Macronek. Horren baitan duela egun batzuk 1.000 gazterekin aritu da eztabaidan lau orduz. Hedabideek jasotakoaren artean, atentzioa eman dit haietako batek pausatutako gaiari –gazteek politikagintzan duten interesik ezari, alegia– presidente frantsesak emandako erantzuna. Laburbilduz, biharko Frantzia eraikiko duten heinean, ezin dutela ardura hori baztertu eta politika egiteko aholkua eman die. Bada, horretan bederen, arrazoi duela uste dut.

Gazte belaunaldi asko politikaz paso egiten ikusi ditugu (ez denak, beharrik!). Baina jada horren gazte ez diren asko ere bai. Bistakoa da hedabideetan entzun eta ikusten ditugun zirku mediatikoak, eztabaida politikoaren maila kaskarrak, ustelkeria kasuak, desideologizazioak… politikagintza baliogutxitu dutela. Halere, argudio horiek aitzakia ederra izaten dira askotan. «Hemen ez dago zer eginik, hau ezin da aldatu, alferrikakoa da…», fatalistenek. «Ondo bizi dira horiek, kolperik jo gabe soldata ederrak», sasipasotek. Eta gehienak gauzak aldatzeko ezer gutxi egiteko prest.

Politikagintza ulertzeko moduak daude. Makropolitikatik harago, herrietan, gure ingurumarian, hamaika alorretan, zer egina badago. Adibidez, lan itzela egiten duten ehunka zinegotzi ditugu, beren denbora eta ahalegina proiektu baten alde emanez, herrigintzan ari direnak. Maiz, komunitatearen alde egiten duten ekarpena oso gutxi baloratzen dugu. Are, gure zerbitzura aritu behar balute bezala tratatzen ditugu, gure soldatapekoak bailiran. «Zergak zertarako ordaintzen ditugu, bada?».

Maiatzeko hauteskundeetarako zerrendak osatzeko lanetan ari diren honetan, lehengo batean pote bat hartuz entzun nuenak min egin zidan: «Argi, ehizan ari dituk», ziotson batek beste bati, militante pare bat herritar batekin mintzatzen ikusi zuenean. Bueltatu nintzen eta ez zen, preseski, gazte bat. «Politikak niri bost» dioten kritikoi harroxko horietako bat baizik. Horientzako ere lan eskerga egiten segituko dute ehunka zinegotzik, ideal bat dutelako iparrorratz.