Qianlongen miresleak
Elkano, Lezo (Urreiztieta ez, bestea: begibakarra) edo Arambururen nobelatxoari buruzko ikuskizunen mehatxua gainean dugun ingurumari honetan ez zaio, oraingoz, jaramonik egin. Baina asaldatu itxuran erreakzionatu dute urruti gabe: «Zergatik ekin dio Txinak bere ikuskizun hedatuenaren aurka?», galdetzen zuen BBC neurritsuak, duela hiruzpalau egun, hainbat aditu burutsuren gogoeta sakonak eskaini aurretik.
Kontua da nonbait Pekineko Anaia Nagusiak bola beltza eman izango diola iazko denboraldian iQiyi (Netflix-en antzekoa) plataforman ikusiena izan zen “Yanxi Jauregiko Istorioa” telesailari. Eta haren emanaldiak telebista publikoetan (eta gainerakoetan) eta ekoizpen-jarraipena kili-kolo leudekeela, Alderdi Komunistaren aldizkari teoriko batean telesailaren aurkako kritika zuzenak argitaratu ondoren. Ez dakigu egoera bertsuan aurkituko ote litzatekeen “Ruyiren maitemina Errege Jauregian”, arrakasta paretsuko beste telesaila.
Hain dira kidekoak bi telesailak, ezen garai eta testuinguru berberean kokatzen baitira: Qianlong enperadorearen haremeko gorabehera eta intrigetan. Esan gabe doa eszenatokiei eta irudikatuei dagokien luxu eta errefinamenduzkoa dela giroa.
Hortik abiatzen da baten harridura: ezustekoa ote da Txinako Alderdi Komunistak txartzat ematea Qianlog, eta haren harema, ederresten duen telesail bat (edo bi), historikoki egiatik asko urrundu ez arren?
60 urte pasean Qing dinastiako 5. enperadorea izan zenak hausnarketa sakonagorik –eta garratzagorik– mereziko bailuke edozein ikuspuntutatik. Eta ez soilik Luis XV.aren eta LXI.aren garaikidea izan zelako. Edo Txinaren lurralde-espantsio handiena miretsi behar ote da? Baina Qianlong aipatu ere egin gabe burutzen dute gogoeta BBCko burutsuek...
Gezurra dirudi batzuen itsutasunak: oraintxe betetzen dira 60 urte Wu Hanek “Hai Rui kargutik bota zutenekoa” antzezlan historikoa idatzi zuenetik. Ming dinastiako Jiajing enperadorearen garaiko pertsonaia erreal bati buruzkoa. Antzezlan haren aurkako kritika izan zen Iraultza Kulturalaren abiapuntua. Baina Xi Jinping eskola txikian ibiliko zen.