Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

5G: hurrengo telefono mugikorreko sarea

Otsailaren 25etik 28ra “MWC19 Barcelona” ospatuko da (Mobile World Congress). Mugikorren industriaren barruan urtero egiten den munduko azokarik entzutetsuena da. Eta aurten 5G sare mugikorra gai zentraletako bat izango da. Mugikorren ekoizleek 5G sarera konektatzeko gai diren mugikor berriak aurkeztuko dituzte agian. Bideo-jokoen arloan, errealitate birtualak eta errealitate areagotuak 5G sareekin eman dezaketen urrats kualitatiboa azaltzen saiatuko dira. Eta hiri eta eraikin adimentsuetara 5G sareak ekarriko duen aldaketa irudikatzen lagunduko dute. Funtsean, mundu hipermugikor eta hiperkonektatu bat gerturatuko digute. Eta adi albistegietan zabal dezaketen markoarekin: 5G jada hemen dago, ultraazkarra izango da eta futbol partidu bat estadioan ikusten ari zarenean, ez da konexio arazorik izango. Hau da: ezin zaio uko egin eta ez zenioke uko egin beharko.

Nabaria denez, 5G sarea egungo 4G sarearen eboluzioa da. Eta abiadura handiagoa, gailu gehiago konektatzea eta latentzia (konektatzeko behar den denbora) murriztea hitzeman ditu. Eta hori da, ziur aski, herritar digital hiperkonektatuoi azpimarratuko digutena. Agian ez digute argi esango 4G sareak asko jota 6 GHz-eko frekuentziak erabiltzen dituela eta, 5G sarea, berriz, 30 GHZ eta 300 GHz artean ibiliko dela. Eta kalean instalatu beharko dituzten antena txiki mordo horiei esker lortuko dutela, metro bakoitzeko, 4G sareak baino 1.000 gailu gehiago konektatzea. Esan gabe doa: segurtasun eta pribatutasun auziekin hainbat doktorego tesi idatz daitezke.

Zer da, hortaz, 5G sarea? Mugikorren industriarentzat sekulako iraultza: berrikuntza. AEB eta Txinarentzat, elkarren arteko lehia bat: 5G sarearen kontrolagatik borrokatzen ari baitira. 3G sarearekin jarraitzen duten herrialdeentzat, eten digitalean beste sakontze-urrats bat. Herritar digital hiper-konektatuontzat, gozoki kamuflatu bat. Eta instituzioentzat erronka berri bat: 5G sarearen hedapen lokala eztabaida publikora irekitzea.